Mendatako Ankurkulun bertoko basoa sortzeko landaketa egingo dute
Dagoeneko 30 helduk izena eman dute, baina hori egiteko aukera zabalik dago oraindik.
Gaur egungo basogintza eredua eraldatu gura dute BaSOS elkarteko, Tantai Baso Jabe Kooperatibako eta Mendatako Ankurkulu kooperatibako kideek. Helburu hori oinarri hartuta, zuhaitz landaketa jardunaldia prestatu dute etzirako; 09:00etan Ankurkulu etxebizitza kooperatiboaren parean jarri dute batzeko hitzordua, eta, handik, oinez joango dira landaketa eremura.
Dagoeneko 30 helduk izena eman dute, baina hori egiteko aukera zabalik dago oraindik, basoaksos@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita. Zehaztu dutenez, oraindik lekua dago azken parte hartzaileentzat. Eta, esan dutenez, lanabesen bat edukiz gero –pala, aitzurra eta eskularruak–, horiek eramateko deia luzatu dute.
“Ankurkulukoek etxebizitza kolektiboa hartu zutenean, bertan zeuden lurrak ere erosi zituzten. Eta horietan monolaborantza eredua zegoen, eukalipto eta pinuz landatutako lur eremua baitzen. Orain, kooperatibakoek hori eraldatu gura dute, eta hiru elkarteek elkarlanean bilatuko dugu hori”, adierazi dute BaSOS elkarteko kideek. Izan ere, lur eremu zabalak bertoko espeziez bete gura dituzte.
Hori dela eta, bertokoak diren espezieak eta enbor sendokoak landatuko dituzte, zuhaitz horietatik egur sendoa ateratzeko. Hain zuzen ere, lizarrak, astigar zuriak, lertxunak, ezkuak, haritz kandundunak, otsalizarrak, ostazuriak, basa gurbeak, gereziondoak eta haginak landatzeko asmoa dute. “Etorkizunean, seguruasko, ustiapenerako lekua izango da, baina bertoko espezien ustiapenarena”, argitu dute.
Basoen eredua aldatu gura dute lanok eginda, kanpoko espezie bakar bategaz landatutako eremua zena, balio handiagoa daukan eta dibertsifikazio handiagoa gordeko duen lur eremu bihurtuz.
Arratzuko EH Bilduk antolatuta, BaSOS elkarteak euren jardunari eta helburuei buruzko hitzaldia eskainiko du bihar, 19:30ean, Loiola aretoan.
Baso jabeei bertoko basoak landatzeko aukerak azalduko dizkiete, baita ze laguntza jaso dezaketen esan ere. Horrez gain, udaletik zelako baso politikak proposatu eta bultzatu daitezkeen aztertuko dute.