Europaz gain, begi guztiak ligari begira
Lointek Gernika Bizkaiak Spar Gran Canariaren kontra jokatuko du zapatuan [urtarrilak 20] Emakumezkoen Endesa Ligako 18. jardunaldiko partidua. Malosten "talde indartsua direla berrestea" bilatuko dute gernika-lumotarrek. Gaur [urtarrilak 18], London Lionsen kontra jokatuko dute EuroCup Womeneko final zortzireneko itzulikoa.
Lointek Gernika Bizkaia ligako helburuetan bete-betean murgilduta. Zapatuan [urtarrilak 20], gernika-lumotarrek Spar Gran Canaria taldea hartuko dute etxean, Emakumezkoen Endesa Ligako 18. jardunaldiko partiduan. Indarrak liga erregularrean eta hilabete bi barru etorriko den Erregina Kopan ipinita, Malosten “talde sendoa eta lehiakorra dela berrestea” da egun Gernikak duen jomuga nagusia. 20:30ean ekingo diote lehiari, eta etxeko ikusleak bertaratzera deituak daude.
Gaur-gaurkoz, denboraldi hasieran ezarritako helburuak betetzen ari da Lointek. Ligako lehendabiziko itzulian zortzi talderik onenen artean sailkatuta, azken sailkapeneko lehen zortzien artean sartzeko aukerekin dago Gernika-Lumoko kluba; bestela esanda, play-offen borrokan sartzea lor dezakete. Zentzu horretan, Movistar Estudiantesen kontra poltsikoraturiko garaipen bikaina giltzarri izan zen, eta Spar Gran Canariaren aurkako neurketa ere gako izango da Lucas Fernandezek gidatutako lantaldearentzat. Ligako sailkapenari erreparatuz gero, edonork pentsatuko luke kanariarrak aurkari gainditzen erraza litzatekeela, baina ez da horrela. Izan ere, beraien kantxan jokatutako joaneko norgehiagokan, Gernikak 30 minututik gora behar izan zituen bere legea ezarri ahal izateko; 55-68ko markagailuagaz nagusitu ziren azkenean. Taulako azken-aurrenak izanda ere, arerio arriskutsua dira. Hamalau porrot eta hiru garaipen eskuratu dituzte momentuz, baina etengabe frogatu dute beraien jokoa edozein aurkarirentzako deserosoa eta gogaikarria izan daitekeela.
Jokalari esanguratsuak.
Kanariar taldeko jokalaririk entzutetsuena Astou Ndour da: Europa mailan dagoen jokalaririk arriskutsuenetako bat. Beragaz batera, Lynetta Kizer edota Delicia Tyrae Washington moduko jokalariak hurretik jagon beharko dituzte gernika-lumotarrek, edozein agertokitan aldeak egin ditzatekeelako. Horiez gain, Jade Lovillek, Adju Fallek nahiz Naomie Alnatasek gaitasun fisikoa zein teknikoa emango dizkiete kanariarren joko moldeari. Gernikak, bestalde, bere alde baliatu beharko du Spar Gran Canariak asteon beste partidu bat jokatu izanaren nekea sumatuko duela; hain zuzen ere, 75-69 irabazi berri diote Embutidos Pajariel Bembibreri, atzeratutako ligako 16. jardunaldiko partiduan. Lankarga hori, baina, Lointekek ere igarriko du, gaur [urtarrilak 18] London Lionsen kontra jokatuko baitu EuroCup Women txapelketako final zortzirenetako itzuliko neurketa.
Gernikako lantaldetik azaldu dute errebotearen kontrola edukitzea eta banakako jokoa eraginkortasunez kudeatze zutabe izango direla
Gran Canaria Arenan egin zuten legez, Lointekek “ahalik eta beharrik onena egitea” bilatuko duela adierazi dute taldetik. Azaldu dute apurka-apurka jokoan sartzen joatea bilatuko dutela, “aldeak egiteko unea iritsi arte”. Alde horretatik, errebotearen kontrola edukitzea eta banakako jokoa eraginkortasunez kudeatzea zutabe izango dira partiduan.