Gernika Memoriaren Lekukok udalean ikurrina "ofizialki" lehen aldiz altxatu zuten eguna gogoratzeko deia egin du
Gaurko egunez duela 87 urte "ofizialki" lehen aldiz altxatu zuten ikurrina Gernika-Lumoko Udalean. Egun horri "merezi duen aitortza" egiteko deia luzatu du Gernika Memoriaren Lekukok.
Gaurko egunez duela 87 urte, 1937ko urtarrilaren 17an, ofizialki lehen aldiz altxatu zuten ikurrina Gernikako Udalean. Handik gutxira (otsailaren 13an) alkate izendatu zuten Jose Labauriak –bonbardaketaren egunean herriko ordezkaria zenak– bultzatu zuen ekimena, “garai astoratu” batean. Eta gaur, 87 urte geroago, egun “esanguratsu eta garrantzitsu” hori gogoratu eta horri balioa emateko deia luzatu du Gernika Memoriaren Lekukok: “Gure ustez, egun esanguratsu eta garrantzitsua da, eta azpimarra berezia izan beharko lukeena. Izan ere, gure herriaren ikurra, euskal herritarron sinboloa, herritarrak ordezkatzen duen eraikinean ofizialki zegokion lekuan zegoelako horrela”.
Plataformakoek adierazi dutenez, “luzea” da ikurriñak izan duen jazarpena, eta “ezinbestekotzat” jo dute gaur egun “inposaturiko ikurrek” udaletxean duten lekuaz eztabaidatzea: “Sinboloek garrantzis dute, zalantzarik barik; eta, bandera arrotzen derrigortasunek, demokraziaren kontra jotzeaz gain, existitzen diren gehiengo sozialen eskubideak urratzem dituzte”.
Horregatik guztiagatik, urtarrilaren 17ari buruzko ezagupena, zabalpena eta parte hartzea sustatzeko ardura hartu du Gernika Memoriaren Lekukok. Horrez gain, udal ordezkari taldeei eskatu diete egun honi dakion aitortza instituzionala egiteko “aktiboak” izateko, “are gehiago abertzaleak izanik hirurak”. Eta, gehitu dute, “eskertzekoa litzatekeela” aitortza hori aho batez eta modu bateratuan egitea.
Gernika Memoriaren Lekukoko kideek urteurrena prestatzeko prestutasuna agertu dute, eta udal ordezkariei dei egin diete horretan parte hartzera: “Zinez, datorren urteko efemeride honetan, alegia, 2025eko urtarrilaren 17an, denon artean adosturiko ekimen baterako hitzordua bultzatzea desio dugu”.