Koldo Gezuragak irabazi du San Antontxu bertso-paper lehiaketa
'Karmenen balkoia' bertsoagaz bakardadearen gaia jorratuz gailendu da Gezuraga. Hirugarren saria jaso du Moises Enbeitak.
Koldo Gezuragak irabazi du aurtengo Mungiako 26. San Antontxu bertsopaper lehiaketa, Karmenen balkoia bertsoagaz. Adinekoen bakardadeari buruz idatzi gura izan du bertsolariak, “gaur egun gauza nahiko normala delako” hori. Hirugarren saria Moises Enbeita gernikarrarentzat izan da, eta bigarrena, berriz, Urko Egaña azpeitiarrarentzat.
Voyeur lanak egiten jarri eta aurreko eraikineko balkoiko andrearen bizitza asmatu du Karmenen balkoia lanean Gezuragak, bururatutako kontu horiek 11 bertsotan batuz. “Nire etxeko balkoian imajinatu dut nire burua, aurreko eraikinean bizi den andraren bizimoduari begira.. Triste bizi dela irudikatu dut, alarguna dela, eta ez daukala bizitzeko gogorik. Bakardadearen gaia landu gura nuen, horrek sor ditzakeen sentimenduei lekua eskaintzeko”.
Lan “oso poetikoa” dela esan du Gezuragak, teknikoki eta zorrotz idatzitakoa, baina poetikoa. Bertsolaria “ohituta” dago inprobisatzera, baina bertso idatzien lehiaketak bestelako ezaugarriak eta bestelako lanketa bat eskatzen dituela aitortu du: “Bertso horiek egiteko denbora behar da, eta sarritan ez dugu hori aurkitzen. Hala ere, animatu nintzen hori egitera”.
Gezuragaren sorkuntzaren beste arlo bat da bertso idatziena, eta, dioenez, saria irabazi izanak beste bertso idatzien beste sariketa batzuetara aurkezteko bultzaada eman dio. “Ni beti moldatu izan naiz ondo idazten, eta honek laster beste sariketaren batera aurkezteko motibazioa eman dit”, aitortu du.
Adierazi duenez, bertso idatziak “gero eta ospe gutxiago” dauka, garai bateko bertso idatziekin alderatuta: “Lehen komunikatzeko era bat ziren bertso idatziak, oso ohikoak. Egunerokotasuneko kontuak kontatzeko erabiltzen zituzten, eta askotan saldu ere egiten zituzten. Txirritaren garaiaz ari naiz, sasoi haretan oso ohikoak zirelako”. Hala ere, Gezuragak esan du Mungiako Taket bertso eskolak antolatzen duen sariketa “oso entzutetsua” dela, eta “oso pozik” dagoela saria irabazi izanaz: “Norbere lana balioan jartzen da horrelako sariketetan, eta irabazteak poz handia eman dit”.
Nagusien lehiaketaz gain, gazteen sariketa ere egin zuten, eta bi sari eman zituzten. June Legarreta izan zen irabazlea, eta bigarrena, berriz, Emile Zabala, biak mungiarrak.
Gezuragaren bertso irabazlea:
Doinua: Nehoiz ez da senditzen.
1-
Jada ez naute asetzen
Garak eta Berriak
errutinak finean
badauzka mugarriak
etxe aurreko balkoiak
ahantz ditzadan berriak
goizero kontatzen dizkit
istorio larriak
hango andre zaharrarentzat
nire bertso berriak
hemendik igartzen zaion
tristurari jarriak.
2-
Belarri ajatutik
heriotzaren arren
sotila egunero
entzun dezake(e)n arren
goizaren euri uherra
bilakatzen du haren
ez dakit nola deitzen den
beraz, demagun, Karmen
bizitzetan oroitzak
daukanez aski ahalmen
oraindik ez dut antzeman
hilotz ala zahar den.
3-
Bihurtu naiz begira
bere aurpegi eztira
deskribaezinaren
ezinezko eskriba
zimur artean ostondu
zitzaionez desira
egunak ematen ditu
hesitik gabezira
hark izan nahiko luke
horren menpe bizi da
kalera erori zaion
negar malko suizida.
4-
Oskol bilakatuta
urteen bizkarroia
beta nahi du ahazteko
iragan bide lohia
lehen ohe kide zuena
orain da kide ohia
baina bera gabe nola
idazten zen gidoia?
begietan ito du
paisaia aldakoia
arnasteko aitzakia
da norbere balkoia.
5-
Hor kanpoan mundua
zenbatzen da etsaika
jendarte enpatia
ikusten du beltz nahita
telefonoa ez den ezer
hobe hari ez aipa
teknologia kontutan
sentitzen da ezgai ta
literalki zerua
da beretzat Skypa
hodeiekin ibiltzen da
une oro ezbaika.
6-
Mantalean gordeta
jostorratzak, lihoak
azal zein itzalean
ehuntzeko narrioak
nola ez dion laguntzen
eskapularioak
itsumustuan biluztu
du berben jarioak
urontzia eskuan
hegan eldarnioak
ximelduz erantzun dio
bere geranioak.
7-
Iraganak soinean
zein eten puntu mehea
esertzeko hartu du
goibel, abagunea
faltan somatzen baititu
handituz hutsunea
berrogeita hamar urte
dauzkan bere umea,
haren besarkadaren
azahar perfumea,
keinu xume bat sugarri
bihurtzen zen unea…
8-
Euria baretzean
telak sartzean baldan
haizea josi nahi du
hatzak jarrita maldan
zeruari marrazteko
trazu urdinak malban
txori bat hurbildu arte
zetorrena samaldan
antza galdetu dio
pausatzean barandan
ea berarekin joan
nahiko luke(e)n hegaldan.
9-
Txoriari hitz egin
dio gauza txikiez:
gauez ametsak belzten
dituzten ilintiez,
haurtzaroko egarriaz,
gaztaroko irriez,
dituen geranioez,
nahi lituzke(e)n liliez…
“Ni kaiolan bizi naun
baina oraindik hi ez,
atera hegan berriro,
egin libroki ihes”.
10-
Enararen oldarra
airearen garraio
joan ahala Karmenek
musu arin bat damaio
laugarren horma hausteko
nik ere zenbat saio
hegorik ezean hobe
suabe txirrina jo
laguntzeko eskariz
hurbilduko natzaio
balkoia partekatzea
okurritzen bazaio.
11-
Hobe kontuok ahaztu
hustu errukiz, fedez
Karmenek bizitza ez du
kontatzen gure hizkerez
zergatik hasi ote naiz
bertso neurtuz, hitz trebez
bestearen oinazeari
deiturak jarriz elez?
poesia bilatzen
urruntasun itzelez?
neronen balkoia salbu
egongo balitz legez…