“Egiazko bakearen” bilaketan, espetxeratuen auziak oraindik “konpondu barik” dagoen gatazka bat ezkutatzen duela nabarmendu dute: “Indarkeria zikloa errepika ez dadin, zeharo nahitaezkoa da presoen eksubideak aintzatestea eta, elkarbizitza berreraikitzeko bide horretan, urteak preso egin dituztenen parte hartze aktiboa derrigorrezkoa da”. Giza eskubideen defentsa partekatuaz mintzatu dira Azkarraga eta Funoses, eta nabarmendu dute bizikidetzarako eta bakerako bidea “euskal gizartearen esfortzuarekin” lortzen ari direla: “Guzti-guztiok elkarlanean egitea beste aukerarik ez dago”.
Helburu horri egiten dio erreferentzia Konponbiderako Giltzak manifestuak. Sufrimenduari “ateak zarratuko dizkion giltzak” bilatu beharra aldarrikatu dute, eta bilaketa hori “modu kolektiboan” egitearen esangura azpimarratu: “Herritarrek prozesu hori elkarrekin egin behar dute; horixe da azken urteotan alor politiko, sindikal eta sozialean elkarguneak eraikitzeko baldintza nagusia”. Hori horrela, Sare Herritarrak deia egin gura izan diete Euskal Herriko erakunde politikoei zein judizialei, etorkizunera begira atondutako prozedurak “diseinatu eta erraztu” ditzaten. Horretarako gakoa zein izan beharko den ere argi eta garbi laga dute: “Erabaki politiko ausart eta zuzenak hartzea”.
Garaile eta garaiturik ez.
Mugak apurtzea eduki du jomuga gaurko manifestazio jendetsuak. Tankera guztietako mugak. Horrenbestez, Kuban, Cabo Verden nahiz Venezuelan deportatuta dauden euskal iheslariei elkartasuna erakutsi gura izan diete, eta beraien etxeratzea galarazten duten trabei “aurre egiteko prest” daudela adierazi. Funosasek, besteren artean, Txetx Etxeberri eta Bea Molle bakegileak gogoratu ditu. Baita “bidean desagerturiko” Mixel Bergouignan, Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubiana ere.
“Salbuespenezko politikei amaiera ematea ez da pribilegioa, legezkotasun arrunta aplikatzea baino ez”
“Aurkako jarrera” dutenentzako mezua ere izan dute eledun biek: “Garaile eta garaituen errelatoa sinesgarri izaten segitzea tematzen ari diren horiei denei diotsegu agertoki hori asmakeria hutsa dela eta, horrez gain, ez daukala inongo zerikusirik Euskal Herriko gizarteak nahi eta merezi duen bake nahiarekin“. Izan ere, biek ala biek aho batez gogoratu dute presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko politikei amaiera ematea “ez dela pribilegioa”: “Legezkotasun arrunta aplikatzea baino ez da, hau da, askatasunik ez duten norbanakoen eskubideak errespetatzea baino”. Ildo horretatik, Epsainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren eta epaileen jarrera salatu dute, justizia grinez barik, “erabaki politikoz kutsatuta” daudela esanez. Erabakiokin bat egiten dutenei, ostera, mezu argia helarazi gura izan diete: “Aurrean izango gaituzue“.
Mahai gainean ipinitako eginbehar horiek guztiak, bestalde, biktimekiko “errespetu, sostengu, aitortza eta erreparazioa” aintzat hartuta aurrera eroango dituztela nabarmendu dute. “Biktimei adierazi gura diegu eurak ere benetan nahitaezkoak direla elkarbizitza, bakea eta ulermena berreraikitzeko bidean, kontzeptuok sendoak izan daitezen”. Hori bai, bi eledunek azpimarratu dute oraindik ere sufrimendua jasaten duten biktimen erabilera existitzen dela, “biktimen erabilera politikoa”.