Zabor grisetik, baso berdera
Azken 30 urteetan erabat aldatu da Loitiagako eremua. Zabortegi izatetik, zoru karstikoan hazten den baso misto izatera igaro da, bioaniztasunaren leku bihurtuz.
Naturak bere onera etortzeko edo leheneratzeko sekulako gaitasuna dauka. Baina denbora behar du horretarako. Argi geratu da hori Nabarnizko Loitiagako eremuan: 1988ra arte Gernika-Lumoko, Ajangizko, Kortezubiko, Arratzuko, Ereñoko eta Nabarnizko bertako hondakinak jasotzen zituen zabortegi zaharraren gainean baso mistoa hazi da. Lurzoru karstikoaren gainean sortu da, eta berez hazten den artadiagaz bat egiten du. Espazio hori balioan jarri gura izan du udalak, eta hala egin du Orbela ingurugiro heziketarako lantaldeagaz batera.
Udal ordezkariek adierazi dutenez, badakite zein urtetan itxi zuten zabortegia, baina ez zein urtetan zabaldu zuten: “Zabortegi askoren moduan, era klandestinoan hasi zen martxan, eta ostean eman zioten ofizialtasuna”. Orbelakoek adierazi dutenaren arabera, garai hartako zabortegiak ez ziren gaur egungo araututakoen modukoak; “denetarik botatzen zen bertara, eta botatakoak erre ere egiten zituzten”.
Ez zela zabortegi txikia azpimarratu dute, eta sortzen zituen kalteak mugatzea erabaki zuen Nabarniz Gernika-Lumotik desanexionatu eta gero eratutako lehen udalak. Hala ere, kamioiek zein norbanakoek zabortegira joaten jarraitzen zuten, zaborra bertara jaurtitzera. Horren aurrean, herritarrak antolatu eta txandak egiten hasi ziren, zabortegiko sarrera bertaratzen zirenei oztopatzeko. Orbelakoek esan dute herritarren konpromiso hori izan zela zabortegia erabat ixtea benetan lortu zuena.
Loitiagakoa baso misto “nahikoa kuriosoa” da, “aniztasun handikoa” eta mota askotako zuhaitzez osatutakoa
Hala, 80ko hamarkada amaieran gelditu zen zabortegiaren jarduna, baina urte askotan bildutakoak han jarraitzen zuen. Ondorioz, zabor hori kudeatzeko zenbait neurri hartu zituzten: zabortegi zaharra zigilatu zuten, eta ura batzeko ubide batzuk jarri zituzten zabortegiaren inguruan, etorkizunean sortu zitezkeen eragozpenak saihesteko. Hala ere, 2012an egindako kontrolek (administrazioek errutinaz egiten dituzte) erakutsi zuten lixibiatuak sortu zirela; ura hondakingune batetik sartu eta hori beherantz iragazten denean sortzen diren fluidoak dira horiek, hondakinen deskonposiziotik disolbatutako materialak biltzen dituztenak. “Ura batzeko ubideak ura zabor masa horretara ahalik eta gutxien sartzeko jarri ziren, baina urteetara, lixibiatuek arazoak eragin zituzten. Hondakin ura da hori, zabor horretatik pasatu eta erreka edo ubideetara joaten dena. Inguru horretan Gixentza errekatxoa dago, Omara errekagaz batzen dena, eta Omako bailara guztia zeharkatzen duena. Bidearen amaieran, gainera, Arteagako Bolunzulo errotaren parean botatzen du ura”, azaldu dute Orbelakoek, eta hortik edateko ura batu ohi dela jakinarazi dute. Baina, ordutik, kontrolak gauzatzen dira.
Zabortegia zigilatu eta gero, lurra bota zuten gainera, eta udalak landaketa batzuk antolatu zituen. “Udal guztietara aldundiak arbolak bidaltzen ditu horrelako ekimenak egiteko, eta bialdu zituen espezieekin landaketak egin ziren Loitiagan. Denboragaz, baso mistoa bihurtu da gunea”, azaldu dute Orbelakoek.
Baso misto “nahikoa kuriosoa” da, “aniztasun handikoa” eta mota askotako zuhaitzez osatutakoa: Haritz amerikarra, intxaur beltza, altza, aretxa, urkia… aurki daitezke bertan, baita modu naturalean hazi diren espezieak ere. “Erraz-erraz ikusten da karsta dagoen lekuan antzinako basoa datorrela. Artadia ere badago inguruan, baina bide bazterrean dauden espezie inbaditzaileak ere ikusi daitezke”.
Landaketak 80ko hamarkada amaieran egin ziren, beraz, baso mistoko zuhaitzek 30 urte dituzte. “Laborategi txiki bat bihurtu da Loitiaga. Garai hartan landatutako espezieak leku horretara moldatu dira, eta kuriosoa da arbola handiena, arinen hazi dena, haritza izatea. Jendeak beti esan ohi du bertoko espezieak astiro hazten direla, baina ez da kasua. Horrelakoek zalantzan jartzen dituzte sinesmen horiek”.
Azken bi urteetako lana
Loitiagako inguru horretan, baina, lanekin jarraitu du udalak, eta 2021etik 2023ra bitartean, ingurua leheneratzeko eta birlandatzeko proiektua bultzatu du, zenbait ekintzagaz: garbiketa lanak, flora inbaditzailea kentzeko lanak eta bertoko zuhaitz eta zuhaixka aleak landatzeko lanak. Basa faunarentzako babeslekuak ere jarri dituztela adierazi dute. “Ekonomia, garapen, jasangarritasun eta ingurumen sailak emandako diru laguntzagaz bioaniztasuna lantzen da espazio desberdinetan. Loitiagako eremu horretan, inguruko sail batzuetan eragiteko proiektua garatu dugu. Eremu batzuetatik bota egin dira bertan zeuden espezie inbaditzaileak, eta zer eta zelan landatu erabaki da”.
Hain zuzen ere, teknikoek diote landaketa horietan aniztasun handia bermatu dela, nahiz eta haretza landatu den gehien. “Hala ere, sartu da urkia, sartu da lizarra, sartu da urbitza. Baso mistoa modu naturalean hazten ari den artadiagaz lotu da, espezie batekoak eta bestekoak nahastuz, lehen landaketa zena etorkizuneko baso natural bihurtzeko”. Era berean, espezie inbaditzaileak kendu dituzte, panpa bedarra, esaterako.
Bestelako ekintzak ere garatu dituzte, bioaniztasuna bermatzeko asmoz: egur piramide bat eta habia kutxak jarri dituzte. “Gure inguruan, basoa beti sailkatu izan da ‘garbi’ eta ‘zikin’ berbekin. Eta garbi kontzeptu horrek beti dakar basoetako hildako egurra kentzea, baina egur horiek bioaniztasunaren aberastasuna dakarte, eta hori gutxituz doa”, azaldu dute Orbelakoek. Hain zuzen ere, azpimarratu dute berez datorrenari eutsi egin behar zaiola. Hala, hildako egurrak izan dezakeen garrantzia azpimarratzea bilatu dute, horiek ekarri ditzaketen onurak zeintzuk diren azalduz: “Aniztasun ikaragarria sortu dezakete, eta hildako egur bertikala oso garrantzitsua da”. Ondorioz, egur piramide bat eraiki dute.
Hala, hegazti asko bistaratu dira egur horietan, tartean okilak: “Piramide hori edo egur hil hori existituko ez balitz, ez zen okilik ikusiko”. Ziurtatu dute egur piramidea egiteko baso horretako egurrak hartu dituztela: sahatsa, oso modu arinean hasten dena; haritz amerikarra, asko dagoena; eta, altza. “Sortu da piramide oso interesgarria. Handia da, egur bertikal asko dauzka, eta egur zokoetan sortzen diren ekosistema txikiek osatzen dute”. Onddoak hurbiltzen joan dira, xilofagoak diren intsektu egurzaleak ere bai, eta horrek hegaztiak bertaratzea eragin du. “Piramideak oso garrantzitsuak dira, eta basoaren bioaniztasunean eragiten dute”.
Aniztasun ikaragarria dago
Horrez gainera, habi kutxak ere jarri dituzte, habi kutxa desberdinak: bata, txori txikientzako, zulo borobila duena; bestea, aho zabaleko hegaztientzako; eta hirugarrena, enborretako intsektuen bila joaten diren hegaztientzako prestatutakoa.
Bestalde, egindako jarduerak ezagutaraztea bilatu dute udal arduradunek zein Orbelakoek. “Horretan lan gehiago egin behar dugu, herritarrak kontzientziatu behar ditugu. Udaletik ingurumenarekiko sentsibilizazioa lantzeko bi bisita egitea proposatu ziguten, eta talde politak bertaratu ziren. Umeekin jolasen bitartez landu genituen kontzeptuak, eta nagusiek lehengo eta egungo eremua alderatu zituzten”.
Hala, hiru sekretuak ezagutarazi zituzten: Loitiagako basoa zabortegi baten gainean dagoen espazio txikian sortu dela, aniztasun ikaragarria dagoela hegaztiei, ugaztunei, landareei eta zuhaitzei dagokienez eta zuhaitz guztiak ez direla onak. «Denak izan daitezke onak, baina bakoitza bere lekuan».