Gernika Sariek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lana aitortzeko eskatu du Gernika Memoriaren Lekukok
Bakea eraikitzeko eta berradiskidetza bultzatzeko lanean diharduten pertsona fisiko eta juridikoen, erakundeen, edo bestelako pertsona eta taldeen aitorpen publikoa egitea dute asmo sariek, eta saminari edo tristeziari aurre egiteko pailazoen "ezinbesteko antidotoa" saritzea proposatu du Gernika Memoriaren Lekukok.
Bakegintzak askotariko aurpegiak ditu, eta Gernika Sariek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen tindatutako masailak, sudur gorriak, ile koloretsuak eta margotutako ezpainak aitortzeko eskatu du Gernika Memoriaren Lekukok.
Bakea eraikitzeko eta berradiskidetza bultzatzeko lanean diharduten pertsona fisiko eta juridikoen, erakundeen, edo bestelako pertsona eta taldeen aitorpen publikoa egitea dute asmo sariek, eta pailazoen lana aitortzea aproposa iruditu zaie plataformako kideei. Izan ere, saminari edo tristeziari aurre egiteko “ezinbesteko antidotoa” da irribarrea eurentzat. “Gatazka armatuek, migrazioek, gaixotasunek… umeak ere kolpatzen dituzte, eta sarritan, horien etorkizuna errotik mozten dute, Gazako umeen aurkako sarraskian, kasu”, azaldu dute plataformako kideek.
Gehitu dute, azken 37 urteetan milaka umek jaso dutela pailazoen alaitasunaren berotasuna “egoera latzei” aurre egiteko: “Ume horiek momenturen batean bakea aurkitzeko lan egin dute pailazioek. Horregatik dira plataformaren hautagaiak 2024ko Gernika Sarientzako”.
Gernika Memoriaren Lekukok bere ekarpena jakinarazi du, baina hautagaitza gehiago aurkezteko epea zabalik dago oraindik, otsailaren 2an amaituko baita hautagaitzak aurkezteko epea. Gero, epaimahaiak erabakiko du saria nori eman. Gernika-Lumoo alkateak, udalbatza osatzen duten hiru kidek, Pforzheimgo alkateak, Gernika Gogoratuz Fundazioaren ordezkariak, Bakearen Museoaren ordezkariak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxeko ordezkariak osatzen dute epaimahaia.
Urtez urteko lana.
1992an egin zuten Bakearen Saria sortzeko lehen hausnarketa Gernika-Lumoko Udalak eta Gernika Gogoratuz Fundazioak. Beraien asmoa udalerritik Bakearen eta Berraskidetzearen Kulturaren balioak sustatzea izan zen. Ordutik hona, hiribilduak bultzatu duen lanak emaitza argiak izan ditu: Gernika Gogoratuz Bakearean Ikerketa Zentroa sortu zuten, baita Gernikako Bakearen Museoa ere.