Gernikaren eta Lumoren bat egitearen urteurrena gogoratuko dute
Gernikazarra Historia Taldeak antolatuta, mendi ibilaldia egingo dute mugetatik. Domekan, 08:45ean jarri dute batzeko hitzordua Foruen plazan.
Lurraldetako mugak aldakorrak izan dira mendeetan zehar, eta horien aldaketak eztabaidak edo liskarrak sortu izan ditu behin baino gehiagotan. Gernika eta Lumoren bat egiteak ere badauka bere kontua. 1882. urteko urtarrilaren 8an batu ziren egun Gernika-Lumoko udalerria osatzen duten bi herriak, eta Gernikazarra Historia Taldeak urteurrena gogoratzeko urteroko mendi ibilbidea antolatu du domekarako [urtarrilak 14].
Udaletxeko ordulariak 09:00etako kanpaiak jotzen dituenean aterako dira Foruen plazatik mendizaleak, baina atera aurretik batzeko ordua jarri dute historia taldekoek, 08:45ean. Gero, hiru orduz ibiliko dira mugaren alde batean eta bestean, batasunaren nondik norakoak ezagutuz.
Izan ere, ibilaldian egingo dituzten geldialdiak baliatu gura dituzte iragana ezagutzeko. Antzina Gernika eta Lumo arteko mugak zehazten zituzten mojoiak ere ikusiko dituzte; besteren artean, Errigoiti, Lumo eta Muxika herrien arteko mugarria. Horrez gain, 1882a aurretik Gernikako zein Lumoko kale nagusiak zeintzuk ziren jakiteko aukera izango dute parte hartzaileek, bakoitzaren historian sakonduz.