Ez da erraza, baina bai egingarria
Lointek Gernika Bizkaiak 69-76ko markagailuagaz galdu du London Lionsen aurka, EuroCup Women txapelketako final zortzirenetako joaneko norgehiagoka, Malosten. Itzuliko neurketa hurrengo eguenean [urtarrilak 18] lehiatuko dute, Erresuma Batuko hiriburuan.
Partidu gogorra zegoen aurreikusita, eta halaxe izan zen. Jakina zen zaila izango zela, eta iragarpenak bete ziren. Lointek Gernika Bizkaia London Lionsi aurpegia erakusteko asmo argi eta garbiagaz iritsi zen Malostera, EuroCup Women lehiaketako final zortzirenetako joaneko partidura, aurrez aurre zuten egitekoa gaitza izanagatik ere. Partidu gogorra eta borrokatua izan zen, eta azkenean Erresuma Batukoak gailendu ziren, 69-76koagaz. Edozelan ere, atea guztiak ez daude zarratuta gernika-lumotarrentzat; kanporaketaren itzuliko partiduak argituko du hori.
Lehen minutuetan, Katsiaryna Snytsinak eta Karlie Samuelsonek min handia egin zioten etxeko taldeari
Talde biek ala biek ondo zekiten partidu hasiera ona egitea zutabe izango zela. Joaneko eta etorriko kanporaketa izan arren, Malosteko hitzorduan aukerei eustea gako zen. Bisitariek ahalik eta lasterren puntuak lortzea bilatu zuten; ez da kasualitatea partiduko 90 puntu poltsikoratzea batez beste. Katsiaryna Snytsinaren hiruko saskiratze biek eta bere taldekide Karlie Samuelsonek emandako jarraipenak lehendabiziko hutsartea eskatzera derrigortu zuten Lucas Fernandez. Gernikak, hain zuzen, ez zuen erakusten puntuak lortzeko gaitasunik: Stephanie Wattsek kale egin zuen hiruko lerrotik egindako hiru jaurtiketatan. Ondorioz, 6-14 eta 6-18raino aldendu zitzaizkien britainiarrak. Erasoa ez eze, defentsa murru sendoa antolatua zuten. Hiruko jaurtiketa bik (bata Roso Buchena, bestea Gabby Nikitinaiterena) arnas apur bat eman zioten Lointeki, 14-18koagaz amaitu zuten lehen laurdenean.
Bigarrenaren hasieran, etxeko taldearen egoerak ez zuen hobera egin: akatsak zeuden baloiaren zirkulazioan, eta ez ziren gai jaurtiketa abagune argiak ekoizteko. London Lionsek, ostera, etengabeko mugimendua, paseak egiteko abilezia eta komunikazio apartekoa bistaratu zituen; horrek guztiorrek arazoetan murgildu zuen Gernika. Zelan edo halan, lortu zuten 20-24ko markagailua ezartzea eta distantziak apaltzea. Maya Dodson ekuazioan sartu zen aldi horretan, Sofia Da Silvaren hirugarren faltaren ondoren. Estatubatuarrak, sartu bezain pronto, hirukoa saskiratu zuen, baina ingelesek atoan berreskuratu zuten partiduaren nagusitasuna, Temi Fagbenleri eta Ivana Katanici esker. Kanporaketari bete-betean heltze aldera, eraginkortasun handiagoa eta zorte puntutxoa falta zitzaizkien etxekoei. 27-35eko markagailuagaz joan ziren aldageletara.
Atsedenaldiaren ostean, beste itxura bat erakutsi zuen Gernikak. Marie-Michelle Milapie eta Dodson izan ziren protagonista nagusiak; azken hark bere estreinako saskiratzea egin zuen etxeko jarraitzaileen aurrean. Britainiarrek, baina, ez zuten kikiltzeko asmorik. Markagailuak 41-49koa erakusten zuenean, Lointekek beste hutsarte bat eskatu zuen, aurkariak partiduan ihes egin ez zezan. 49-57koagaz ekin zioten azken laurdenari.
Nahi eta ezin.
Azken zati hartan, garaipenaren lehiari eustea ogibide gaitza izan zen gernika-lumotarrentzat; hortaz, kanporaketan aurrera egiteko aukerak bermatzen saiatu ziren. Azken txirrinak jotzeko zortzi minuturen faltan, partidua linbo batean zegoen: 58-64. Fagbenlek britainiarren jokoaren ardura guztia beregain hartu zuen, eurak ere gogotik sufritzen ari baitziren. Hori bai, sufrikarioa sufrikario, puntuak egiten jarraitzeko ahalmena zeukaten, Lointeken kalterako. Buchen hiruko saskiratzeak 67-71ra eroan zuen markagailua. Edozelan ere, azken bultzada bategaz, 69-76koa ezarri zuten bisitariek, eta emaitza horregaz burutu zuten final zortzirenetako joanekoa.
Itziar Ariztimuño: “Londons Lionsen tankerako taldeen kontra jokatzerakoan, ezin dezakegu hutsik egin, beraiek puntuak egiteko gaitasun erraldoia baitute”
Partidua amaitu berritan, Itziar Ariztimuñok norgehiagoka gogorrak edukitako “denetariko faseak” izan zituen ahotan: “Une onak eta txarrak eduki ditugu; tankera honetako taldeen kontra jokatzerakoan, ezin dezakegu hutsik egin, beraiek puntuak egiteko gaitasun erraldoia baitute. Alde horretatik, itzuliko partiduari begira, gauzak aldatu eta hobetu beharko ditugu”.