Aitor Olivaresek irabazi du abenduko Ezetz Jakin lehiaketa
Dagoeneko prest dago urtarrileko galdetegia, eta hori aurkezteko azken eguna izango da hilaren 31. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek.
Gaur [urtarrilak 11] eman du Gernika-Lumoko Berbalagunek Ezetz Jakin lehiaketako abenduko saria Foruen plazan. Guztira, abenduan, 45 pertsonek parte hartu zuten kalean euskara sustatzeko lehiaketan, eta 13 lagunek erantzun zituzten galdera guztiak zuzen. Horien artean, Aitor Olivaresek eraman du saria Zallo Barri jatetxearen eskutik; haren aitaginarrebak hartu du saria.
Bestalde, zozketa bidez banatzen duten saria Aintzane Onaindiarentzat izan da, eta herriko establezimenduetan gastatzeko 20 euroko bonoa eskuratu du.
Dagoeneko prest dago urtarrileko galdetegia. Hilabete honetan, esaera zaharrei buruzko galderak edota gaur egungo gaiei buruzkoak erantzun beharko dituzte parte hartzaileek. Korrikari buruzko zenbait galdera ere erantzun beharko dituzte interesatuek. Erantzunak paperean zein Internetez aurkezteko azken eguna urtarrilaren 31 izango da, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek. Oraingoan, Sakone kafetegian bi lagunentzako jatordua zozketatuko da.