199.856 ibiltari izan ditu Urdaibaiko ibilbide sareak 2023an
Aste Santua izan zen Urdaibaik ibiltari gehien jaso zituen aldia, 2.160 ibiltarirekin. Datuen balorazio baikorra egin du Urremendi Landa Garapen Elkarteak.
Kultura, paisaia eta etnografia handiko altxorrak gordetzen ditu Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako ibilbide sareak: baselizak, baserriak, ezkutuko parajeak edota paisaia natural ederra. Eta, iaz, txoko horiez gozatzera 199.856 bisitari bertaratu zirela jakinarazi du Urremendi Landa Garapen Elkarteak, ibilbide sareko gune estrategikoetan kokatutako sei kontagailuren datuei erreparatuta.
“Zifra oso esanguratsuak” direla adierazi du Aitziber Ansotegik, Busturialdeko garapen turistikoaz arduratzen den Urremendi Landa Garapeneko Elkarteko gerenteak, eta datu horien balorazio baikorra egin du: “Azken urteetan ahalegin berezia egiten ari gara Urdaibai ibiltarientzako eta zikloturistentzako jomuga estrategiko bihurtzeko, eta datu bikain hauek bide onetik goazela baieztatzen dute”.
Ansotegik azpimarratu du Urdaibai “oso garrantzitsua” dela Bizkaiko erakargarri natural modura –baita Bizkai, Araba eta Gipuzkoarako ere–, ze inguru horretara hurbiltzen direnek hiru lurraldeetan jarraitzen dute gero euren bidea. “Bertako parajeaz, gastronomiaz, ondareaz eta turismo eskaintzaz gozatzen jarraitzen dute. Gainera, xendazaletasuna eta zikloturismoa urte osoan egin daitezkeen bi jarduera dira, eta Urdaibaiko turismoaren desestazionalizazioa sustatzen dute”, argudiatu dute.
Zifrei erreparatuta, aipatzekoa da Aste Santuan bertaratu zela bisitari gehien Urdaibaira; zehazki esateko, apirilaren 7an erregistratu zuten jende kopuru handiena erreserban, 2.160 ibiltari zenbatuta. Hala ere, apiriletik urrira bitarteko hilabeteetan egon da jende gehien ibilbide sareetan barrena.
Hori horrela, ibiltarien %58k estuarioaren bihotzetik igarotzen den bidea (PR 181) egin zuen, %19k Elantxobetik Ogoñora doana (PR 165), %14k San Pedro Atxarretik igarotzen den ibilbide zirkularra (PR 161), eta %9k ardoaren eta arrainaren ibilbidea (GR 38).
Denetariko ibilbide motak.
Urdaibaitik mota guztietako ibilbideak gauzatu daitezke; badaude historia lantzeko bideak, naturaz gozatzekoak, kultura ezagutzekoak edota bertako jatekoa probatzekoak. Hain zuzen ere, denetariko eskaintza dago, denetariko publikoarentzat, eta hamabi zehaztu dituzte Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Urremende Landa Garapen Elkartko kideek. “GR38 ardoaren eta arrainaren ibilbidea da, Basquetourrek sustatutakoa, eta bere zazpi etapetako bi Urdaibaitik igarotzen dira: Durango eta Gernika batzen dituen seigarren etapa eta Gernika eta Bermeo arteko zazpigarrena”, azaldu dute.
Administrazio horiek egindako eskaintzaren barruko beste hamar ibilbide laburrez gain –gehienan zirkularrak dira eta erraz egiten dira–, Urdaibaitik Kostaldeko Donejakue bidea ere igarotzen dena gogoratu dute: “Ibilbide guztietan baselizak, milaka urteko hariztiak, erdi aroko zubiak, paisaia berdeak, eliza historikoak, monumentuak, pisu historiko handiko herriak eta baserriak ageri dira mendiko paisaian barrena sakabanatuta”.