Gaurtik, maskararen erabilera derrigorrezkoa da osasun etxeetan
Gaurtik maskararen erabilera derrigorrezkoa da ospitale eta osasun etxe guztietan; zentro sanitario eta farmazietan, berriz, horren erabilera gomendatu dute.
Espainiako Osasun Ministerioak ezarrita, gaurtik maskararen erabilera derrigorrezkoa da ospitale eta osasun etxe guztietan; zentro sanitario eta farmazietan, berriz, horren erabilera gomendatu dute, derrigortasunik ezarri barik.
Osasun Ministerioak osasun etxeetan maskara ezartzea proposatu zuen astelehenean, eta autonomia erkidegoek gaur arteko epea izan dute proposamenak egiteko; izan ere, zenbait erkidego maskara nahitaezko egitearen kontra agertu dira egunotan, tartean Eusko Jaurlaritza –maskararen erabilera gomendatzen du–. Hala ere, bere asmoari eutsi dio Madrilek, eta Efe eta Europa Press albiste agentziei eurreratutakoaren arabera, gaurko eguerditik aurrera ezarri du neurri hori Osasun Ministerioak.
Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharrik barik hartu du erabakia, eta albiste agentziek aipatu dutenez, neurria ez da aldizkari ofizial horretan agertuko. Espainiako Osasun Sistemaren Kalitaterako eta Kohesiorako Legearen 65. artikulua aplikatuko dute horren ordez, eta artikulu horrek ekintza koordinatuak egitea ahalbidetzen dio Osasun Ministerioari.
Ministerio horrek gaur goizean esan du gutun bidezko ohartarazpena bidali diela erkidegoei, baina Jaurlaritzako osasun sailak gezurtatu egin du bertsio hori: “Osasun ministro Monica Garciak adierazitakoaren aurka, Euskadik ez du jaso maskara nahitaez erabili behar dela ezartzen duen agindurik”. Horren ordez gauza bakarra jaso duela adierazi du: neurri hori “akordio” bidez ezarri dela dioen gutuna. Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Batzordearen bilerarik ez dela egon ere adierazi du Jaurlaritzako Osasun Sailak, “ezta akordiorik ere”. Hori dela eta, Jaurlaritzak Espainiako Osasun Ministerioaren jarduteko moduari buruzko “harridura” helarazi du.