Haur eta nerabeen ongizaterako oinarrizko gakoak azalduko ditu Daniel Betancorrek Astran
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak familientzako bi hitzaldi antolatu ditu urtarrilaren 13rako eta 20rako Astran. Bi saioak 11:00etatik 13:00etara bitartean izango dira.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak haur eta nerabeen ongizaterako oinarrizko gakoei buruzko hitzaldiak antolatu ditu urtarrilaren 13rako eta 20rako Astran. Haur, nerabe eta helduen psikiatra den Daniel Betancorrek eskainiko ditu bi saioak, 11:00etatik 13:00etara bitartean.
Haur eta gazteen garapenaren momentu bakoitzak bere beharrizanak ditu, eta adin tarte bakoitzean beharrizan horiekiko erantzuna egokitzeko, haurren hezkuntzan zelan jokatu jakiteko eta kontutan izan beharrekoak zeintzuk diren zehazteko gakoak eskainiko dizkie Betancorrek parte hartzaileei.
Gurasotasuna, zaintza eta neska-mutilen ongizatea izango da lehenengo saioaren oinarria. “Gure seme-alabak hezitzen ari garen helduok beharrezkoa dugun hornitze emozionalari buruz ariko da Betancor”, adierazi dute Busturialdeko Mankomunitateko ordezkariek. Izan ere, diotenez, hori garrantzitsua da haur, gazte eta nerabeekin harreman eraginkorrak mantentzeko.
Bigarren saioan nerabeak izango dira protagonista. Nerabeak ulertzeko helduen begirada egokia izan daitekeen edo ez aztertuko dute, eta neska-mutilen portaera eta barne egoera emozionalari buruz ere ariko dira.
Amankomunazgokoek zehaztu dutenez, osasuna eta prebentzioaren arloan, familia, hezkuntza eta eremu komunitarioan garatuko diren ekintza eta programa ezberdinen artean kokatzen dira hitzaldiok.