Argiteria berritua edukiko dute kortezubitarrek
83 kale argi konbentzional led argiengatik ordezkatu dituzte Kortezubin.
Kortezubiko Udalak udalerriko argiteria berritzeko urratsak ematen jarraitzen du, haren kalitate nahiz jasangarritasun mailak ahalik eta handienak izan daitezen. Helburu horregaz, herriko 83 kale argitan lanak egingo dituzte aurrerantzean; argi konbentzionalaren ordez, led teknologia instalatuko dute. Eraberritze obra horiek, udaletik azaldu dutenaren arabera, jomuga bikoitza dute: batetik, energia xahuketa eta CO2 isuriak murriztea; bestetik, aurrezpen ekonomikoa bultzatzea.
Kortezubiko alkate Karmele Enbeitak adierazi duenez, Kortezubi “pausoak ematen ari da”, udalerri jasangarria zein eraginkorra izateko bidean. Zentzu horretan, energia aurreztea “funtsezkotzat” jo du: “Lehendabiziko urratsa bonbillak led sistemara aldatzea izan zen; orain, aurrera egiteko borondatea erakusten dugu, eta herirko 83 kale argi konbentzional kenduko ditugu, horien ordez led teknologiako argiteria ekipamendu berrira instalatzeko”.
83 kale argiotako 77 Elizalde eremuan kokatuta daude, eta gainontzeko seirak, aldiz, udaletxearen kanpoaldean. Obrak aurrera eroateko, 39.995 euroko inbertsioa egin behar izan dute, BEZ-z gain. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak kostuari aurre egiten lagundu dio udalari, 29.412,96 euroko diru laguntza emanez.
Bestalde, berritze lanek ekarriko dituzten aurrezpen ekonomikoari eta energetikoari buruzko azterketa ere egin dute udal ordezkariek. 83 kale argiok aldatzeagaz, CO2 isuriak 17,83 tonatik 7,15 tonara jaitsiko dituzte urte bakoitzeko, hau da, 19,71 tona gutxiagogaz, isuriak %59 murriztuko dituzte. Kontsumoari dagokionez, egin dituzten aurreikuspenek erakusten dute 30.627 KW aurreztuko dituztela: “Urte bakoitzean, 20.418 KW erabiltzera pasatuko gara; zifra nabarmena da”.