2023: Errekorreko urtea Bakearen Museoarentzat
60.562 bisitarigaz, marka guztiak gainditu zituen iaz Gernika-Lumoko Bakearen Museoak. 157 ibilbide gidatu baino gehiago egin zituzten, eta 2.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten horietan. Aurrera begira jarri dira, baina urtarrilean museoa itxita egongo da.
25 urte bete zituen iaz Gernika-Lumoko Bakearen Museoak, eta “oparoa” izan zen urteurreneko ospakizun urtea. Izan ere, inoizko bisitari kopuru handienarekin itxi zuten urtea museoko arduradunek: 60.562 bisitariri eman zieten ongietorria. Hala, 2022an baino %35 bisitari gehiago erregistratuta, errekorreko urtea izan zen iazkoa museoan. Marka guztiak gainditu zituzten iaz, pandemia aurreko datuak ere gainditu zituztelako; hain zuzen ere, 53.000 lagun izan ziren 2019an museoak jaso zituenak.
Aurtengo 60.562 bisitarietatik 7.148 izan dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik bertaratutakoak, eta 16.307, berriz, Espainiatik hurbildutakoak. Europarrei dagokienez, 31.779 europarrek ezagutu zituzten museoko txokoak, tartean Frantziako 20.000 bisitarik baino gehiagok. Asiatik, aldiz, 960 bizilagun bertaratu ziren, Ozeaniatik 446 eta Afrikatik 35.
Bisitari horiek guztiak taldean edo bakarka bertaratu dira museora, eta aipatzekoa da bakearen etxeak hartutako talde kopuruaren zenbatekoa. Izan ere, 608 talde baino gehiagok bisitatu dute museoa harrera agentzien bidez, eta 407 talde izan dira mundu osoko ikastetxeetatik hurbildutakoak. Gainera, 43 hezkuntza tailer, udaleku etabar egin zituzten 25. urteurrenean.
Museoko gelak bisitatu dituzten bisitariez gain, 157 ibilbide gidatu baino gehiago egin zituzten lau ibilbide ezberdinetan banatuta (Babeslekuak, Picaso eta Guernica, Berreraikuntza eta Gerra korrespontsalak), eta 2.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten horietan.
Bestalde, jarduera hezitzailez, tailerrez eta egun bereziz betetako egutegiaren baitan, aldi baterako bi erakusketaren kokalekua izan da museoa: Emakumeak eta haurrak gerran dagoen Europa batean eta Memoriartean II: euskal letren bonbardaketa. Bi erakusketa horiek “jende ugari erakarri” dutela azpimarratu dute museoko arduradunek.
Nazioarteko proiektuak.
Era berean, museoak “aktiboki” parte hartu du Europako hainbat proiektutan eta nazioarteko mintegietan. Besteren artean, Rememchild eta Making Histories proiektuetan.
Rememchild proiektua Migraid Migrazioak eta Laguntza Humanitarioa Europan proiektuaren (1914-1949) jarraipenaren aldeko apustua da. Proiektu hori Europe For Citizens 2019 deialdian onartu zen, eta haren helburu nagusia izan zen haurren eta emakumeen esperientzia kolektiboetan sakontzea, 1914tik 1949ra arte. Izan ere, Europako Historian aldi gorabeheratsua eta erabakigarria izan zen hori, munduko bi gerra gatazkek eta biztanleria zibilean izan dituen ondorio ugarik markatuta. Hala, proiektuagaz, Europako haurren memoria berreskuratu eta zaindu gura dute, baita erregimen ez demokratikoek aplikatutako diskriminazioak, jazarpenak eta gorrotoak haurrengan eta emakumeen utzi dituen ondorioak agerian utzi ere.
Bestalde, Making Histories proiektuak kulturari eta hezkuntza historikoari buruzko jakintza ekoizpenaren diziplina arteko ikusmoldea bultzatzeko proiektua da. Hala, proiektu horren helburua nagusia da erakundeen nazioarteko eta diziplinarteko sare bat sortzea, gaur egungo gizarte demokratikoetan ordezkaritza historikoen zeregina hobetzeko. Zehaztu dutenez, “arreta berezia” eskainiko zaio generoaren presentziari eta globalizazioaren erronken garrantziari. Proiektuak ikerketa artikuluak, liburuak eta garapen profesionalari buruzko ikastaro digital bat sortuko ditu, eta “ikuspegi dialogikoa” sortuko du historiaren irakaskuntzan. Jakinarazi dutenez, Europa, Australia, Kanada, Hego Korea, Israel eta Latinoamerikako 18 erakundek parte hartzen dute proiektuan.
Bakearen Museoak, gainera, Bitartekarien Eskola Iberoamerikarraren hirugarren edizioan ere parte hartu zuen iaz, memoria leku eta guneetan, Txileko, Argentinako, Peruko eta Mexikoko museoekin lankidetzan. Horrez gain, Bakearen Museoei buruzko nazioarteko kongresuan ere egon ziren museoko ordezkariak Suedian, eta 36ko gerran italiarrek izan zuten parte hartzeari buruzko mintegiak ere antolatu dituzte.
Museoak bere zabalkunde lanagaz ere jarraitu zuen sare sozial eta hedabide ezberdinetan, eta ikerketa lana ere aurrera eroan zuen Espainiako hainbat artxibo arakatuz.
Aurrera begira.
Egindakoaz kontziente izan arren, aurrera begira jarri dira museoko ordezkariak, eta urte berriari ondoetorria emateko zenbait aldi baterako erakusketa antolatu dituzte: Gurseko kontzentrazio esparruari buruzkoa, Josu Chueca historialariaren ardurapean osatutakoa, eta otsailetik apirilera bitartean ikusi ahalko dena; Xaber Erkiziak egindako MemoriArtean III proiektua, alarma antiaereoei eta soinuei buruzkoa, apiriletik uztailera bitartean bisitatzekoa; eta urteagaz amaitzeko, uztailetik abendura bitartean ikusi ahalko da Fernando Sanchez artista ezagunak egindako erakusketa, arteari eta memoriari buruzkoa.
Nazioarteko hainbat mintegi ere prestatuko dituzte museoko ordezkariek, eta horien antolakuntzan ere parte hartuko dute. Tartean, ondare artistikoari eta 36ko gerrari buruzko mintegian parte hartuko dute (apirilean), gerran italiarrek izan zuten parte hartzeari buruzko hirugarren topaketan izango dira (udazkenean), memoria eta turismoko lekuen bigarren topaketan ere egongo dira (udazkenean), oroimenerako tokietako bitartekaritzaren laugarren Eskola Iberoamerikarrean ere bai (maiatza-ekaina), eta EHUko MHLIk antolatutako Guernica/Gernikak biltzarrean ere parte hartuko dute.
Bisitari kopuru handia ikusita, museoak ordutegi berria izango du neguan, eta bi orduz gehiago zabalduko dute.
- Urtarrilaren 30a arte.
- Itxita egongo da, urteko mantentze lanak egiteko.
- Otsailean, azaroan eta abenduan (neguko ordutegia).
- Astelehenetan: itxita.
- Martitzenetik barikura: 10:00etatik 18:00etara.
- Zapatuetan: 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 18:00etara.
- Domeketan: 10:00etatik 14:30era.
- Martxotik urrira arte (udako ordutegia).
- Egunero zabalik.
- Astelehenetan: 10:00etatik 14:30era arte.
- Martitzenetik zapatura arte: 10:00etatik 19:00etara.
- Domeketan: 10:00etatik 14:30era.