Urdaibairi buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatzeko espazioa eraikiko du Ipesek
Urdaibai, non gaude? hitzaldia eskainiko dute Joserra Diez EHUko irakasleak eta Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideak, bihar, Astran.
Ipesek antolatuta, Urdaibai, non gaude? hitzaldia eskainiko dute Joserra Diez EHUko irakasleak eta Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideak, bihar [abenduak 9], 19:00etan, Astran.
Agintari politikoak Urdaibairen ereduari edo norabideari buruzko erabakiak hartzen ari direla uste dute Ipesekoek, eta Guggenheim Urdaibai “ezarri gura duten ereduaren” adibide nagusia izan arren, “eredu oso bat bultzatu” gura dutela adierazi dute: “Urdaibairen ereduari edo norabide bati buruzko erabakiak hartzen ari direla ikusten dugunez, horri buruz hausnartzeko espazioa sortu gura izan dugu”.
Urdaibai kontu ezberdinengatik albiste izan da azkenaldian, baina berri horiek ulertzeko behar beste denbora ez dela hartzen uste dute Ipesekoek, eta gai horiei buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatzeko espazioa eraikiko du bihar Astran: “Askotan ez daukagu albisteak ulertzeko edo interpretatzeko aukerarik”. Ageri diren albisteak euren artean ezberdinak izan arren, Ipesekoek diote testuinguru bera dutela. “Elkarren artean desberdinak diren baina testuinguru bera duten albiste asko daude, baina elkarregaz batu behar dira horiek. Batetik, Guggenheim Urdaibairi buruzko eztabaida dago, baina horregaz zerikusia duten albisteak ere ageri dira. Esaterako, joan den astean Gernika-Lumoko Udalak 1.000 autoko aparkalekua egin gura zuela iragarri zuen. Eta, horrek, zeri erantzuten dio? Badirudi bestelako albistea dela, ez dagoela Guggenheimeko eztabaidari lotuta, baina guztiz lotuta dago. Garraio edo azpiegiturei buruzko eztabaidak sortzen ari dira, eta guzti horiek elkar lotuta daude. Atzean dagoen eztabaidaren oinarria da ze eskualde eredu nahi dugun eta ze eskualde eredu ezartzen ari diren. Bi helburu horien artean dagoen talkari buruz hausnartu behar dugu”, argitu dute. Hala, gai horiek guztiak jarri gura dituzte mahaigainean.
Horregatik, eskualdeko argazki orokorra sortu gura dute biharko saioan. Horretarako, trantsizio ekologikoari buruz ikertzen ari den Diez gonbidatu dute saioan parte hartzera, baita Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kide den Gotxi ere. “Momentu honetako argazkia egin gura dugu, eta gogoetarako espazio bat eskaini. Izan ere, uste dugu herritarrok gai horiei buruzko gogoeta kolektiborako espazioak sortu ezean, seguru asko, agintariek guri kontsultatu barik eta moduak, formak eta erak partekatu barik erabakiak hartzen jarraituko dutela. Eta guk uste dugu erabaki horiekiko gure ezjakintasuna ezin dela izan arrazoi bat hori alde batera uzteko eta horri buruzko eztabaida bat ez bultzatzeko”, azaldu dute.
Hala, biharkoa hitzaldia izan arren, hausnarketarako tartea egongo dela adierazi dute antolatzaileak.