Martxan da Atalde eta Bizkai Buru arteko igogailua
Igogailu publikoak hamahiru pertsonarentzako edukiera du. Proiektu honekin bermeotarren bizi kalitatea hobetu eta "Bermeo herri irisgarriagoa egitea" izan da udalaren helburua.
Bizkai Buru eta Atalde kaleak batuko dituen igogailu publikoa inauguratu du Bermeoko Udalak. Proiektua udalerriko irisgarritasuna sustatzeko asmoz egin da, eta bermeotarren bizi kalitatea hobetzea du helburu. Igogailuak lau solairu ditu: ikastetxearen beheko kirol-eremurako sarbidea, haur eskolako sarbidea, Benito Barrueta ikastetxeko patiorako sarbidea, eta Bizkai Buru kaleko sarbidea
Udalak 597.999,43 euro bideratu ditu (BEZ barik), zortzi hilabetetan zehar egin den lana egitera. 8,3 metroko desnibela gainditzen duen igogailuak beste berezitasun bat ere badu: argiztapena. Urteko egun jakin batzuetan argiztapena aldatu egingo da: abenduaren 1ean –HIESAren eguna– eta maiatzaren 1ean –Langileen eguna– igogailuak argiztapen gorria izango du; ekainaren 5ean, berdea –ingurumenaren eguna–; martxoaren 8an, –Emakumearen eguna–; eta azaroaren 25ean –Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna– morez. Bermeoko jai egunetan, ostera, urdinez argituta egongo da.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak adierazi duenez, “proiektu honi esker, Bermeo herri guztiz irisgarriagoa da”. Udalerriko bizilagunen eguneroko mugikortasuna “geroz eta hobeagoa” izan dadin lanean jarraituko dutela adierazi du: “Asko dugu egiteke oraindik, baina pausoz pauso gure helburuetara iritsiko gara”.
Atalde eta Bizkai Buru kaleak batuko dituen igogailuak hamahiru pertsonarentzako edukiera du. Gainera, Benito Barrueta institutuko jolaslekuko eta Bizkai Buruko geralekuetan pasarelak jarri dituzte. Igogailu ondoko eskailerak mantentzea eta berriztea ere erabaki du udalak.