Busturialdeko "egiturazko arazoei" helduko dien eskualdeko plana aldarrikatu dute
Lan duina eta bizitza askeak lortzeko, zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko, euskal kultura sustatzeko eta naturarekiko oreka erdigunean jartzeko plana eskatu dute Sortuk, LABek eta Ernai Busturialdeak.
Busturialdearen erronkei erantzungo dien eskualdeko plana eskatu zuten LABeko, Ernai Busturieladeko eta Sortuko kideek Muruetatik. Lan duina eta bizitza askeak lortzeko, zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko, euskal kultura sustatzeko eta naturarekiko oreka erdigunean jartzeko plana eskatu dute: “Busturialdeko egiturazko arazo errealei heldu eta eskualdearen erronkei erantzungo dien plana eraikitzeko baliabideak badaude, eta ditugun jakintza eta tresna guztiak plan horren zerbitzura jarriko ditugu. Borrokaren bidez, eskubideak eskuratu eta gurea dena defendatzeko determinazioa ardatz izan behar dugu”.
Ezker abertzalekoek gogoratu dutenez, “intentsitatez” betetako hilabeteak izan dira azkenak Euskal Herrian, eta Busturialdean ere nabaritu dute horren eragina. Izan ere, kalea aldarrikapen ugariren ispilua izan da, eta problematika ezberdinei erantzun die.
Urriko Azken Astelehenaren bezperako zapatuan, esaterako, 4.500 lagun inguru mobilizatu ziren Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Gernika-Lumon deitutako manifestazioan, eta azaroaren 30ean, historiako lehen Greba Feminista Orokorraren aldarrikapenen leku izan ziren eskualdeko herrietako kaleetako txokoak. Zaintzaren problematika agendan jarri eta sistema publiko komunitario baterako atzera bueltarik gabeko oinarria finkatu zuten feministek. Halaber, azken asteetan, erasoen matxisten aurrean biktimari sinisten diotela eta konplizitaterik onartzen ez dutela aldarrikatu dute 3.000 lagunek Gernika-Lumon.
Palestinako herriari elkartasuna adierazi eta beragaz egongo direla ere adierazi zioten eskualdeko herritarrek abenduan. Genozidioaren aurkako sirena aktibatu eta munduko kontzientziak piztu zituzten 3.000 lagunek Pasealekutik –1937ko bonbardaketan Merkatu plaza izan zenetik–, elkartasun deiadarrez betetako irudi ikaragarria mundura zabalduz.
“Arduraz, elkarlanerako bokazioz, herri sektore ugarirekin batera, hor egon gara lanean”, adierazi dute ezker abertzaleko kideek. Hori bai, gogoratu dute horiek ez direla izan eskualdeko albiste bakarrak. Izan ere, biosferaren garapen sozio-ekonomikoa hipotekatu dutela uste dute: “Biosferaren garapen sozio ekonomikoa hipotekatu, eta kostaldeko araua denon muturren aurrean aldatu dute; 100 metroko babesgunetik, 20 metrora murriztu dute”. Ezker abertzaleko kideen ustetean, “kezkagarriena”, ekosistema babestaren gainetik “sentitzea” eta egungo gazteak prekarietatera eta etxebizitza bat eskuratzeko “ezintasunera kondenatzea” da. “Arduragabekeria galanta da Busturialdeko herritarroi marketing kanpaina baten bidez iruzur egin nahi izatea”, gehitu dute.
Hori dela eta, “bataila aurkeztuko” dutela diote, ez dutelako Guggenheim Urdaibairik nahi. “Eskualde bizi honen argazkia elite pribatu eta interes alderdikoien postal prefabrikatuekin talkan dago. Ez dugu Guggenheim Urdaibairik nahi, ez Sukarrietan bere garaian, ezta Muruetan eta Gernika-Lumon ere ez. Eta borroka hori irabazteko instituzioak, kaleak, lantegiak, ikastetxeak, epaitegiak… denak baliatuko ditugu”, esan dute.
Hala, lan duin, bizitza aske eta zaintza publiko komunitarioaren alde lan egingo dutela adierazi dute, baita euskal kultura indartzeko eta naturarekiko oreka erdigunean jartzeko behar egingo dutela esan ere. “Eskualde ereduaren alde gaudenok gehiengoa gara Busturialdean, eta erronka guzti horietan bidaide izango gara”.