Bermeoko bizikleta aparkalekua, erabilgarri
Erabiltzaileek bonu ezberdinak eskuratu ditzakete, hilabete batetik hasita urte batera arte. Aparkalekua 24 orduz zabalik egongo da.
Bizikleta aparkalekua estreinatu dute Bermeoko Udal Azokan, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta. 33 txirrindu sartzen dira, eta sarbideak kontrolatzeko sistema dauka. Horrela, Bermeo BiziPark sarean sartu da, txirrinduak erabiliz tokiko mugikortasun jasangarria sustatzeko aldundia udalerri ezberdinetan bultzatzen ari den sarean.
Duela urtebete inguru, aldundiak eta Bermeoko Udalak sinatutako hitzarmenetik jaio da proiektua. Aldundiak 60.000 euro bideratu ditu egitasmo horretara; udalak, bere aldetik, espazioa utzi du, proiektua gauzatu, eta kudeaketaz eta mantentze-lanez arduratuko da.
Aparkalekuak sarbideak kontrolatzeko sistema du, erabiltzaileak soilik sartzea bermatzen duena. Lokalean bertan, suaren kontrako segurtasuneko zortzi armairu instalatu dituzte, elektrizitate hartune indibidual, etengabeko argiztapen eta Udaltzaingoaren konektatutako zaintza-sistemagaz.
Txirrindu aparkalekua eguneko 24 orduetan egongo da zabalik, eta erabiltzaileek hainbat iraupenetako bonuak dituzte eskura: hilabete batekoa 4 eurora, 3 hilabetekoa 10 eurora, 6 hilabetekoa 20 eurora eta urte batekoa 40 eurora. Erabiltzaile bakoitzak plaza bakarra erabili ahal izango du, eta 8 kutxa gotor tenporizatu izango ditu eskura. BiziParkaren kanpoaldean edonork libreki erabili dezakeen BiziPuntu bat jarri da, konponketa txikietarako tresneriagaz.
Momentuz, Bizkaiko hamar dira udalerrik osatzen dute BiziPark sarea: Trapagaran, Berango, Barakaldo, Gueñes, Abadiño, Zalla, Portugalete, Bermeo, Ermua eta Derio. Azken hirurak martxan daude; besteak, eraikitze-fasean.