3.177,55 euro batu dituzte Marijesiek, fibrosi kistikoaren Bizkaiko elkarteari laguntzeko
5.000 jaiotzatik bati eragiten dio fibrosi kistikoak, eta gutxi gorabehera, 180 kasu daude Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Hain zuzen ere, Bizkaiko gaixoen zein euren familia eta senideen bizi kalitatea hobetzera bideratuko dute Marijesietatik jasotako dirua.
Arnasa Bizkaiko Fibrosi Kistikoaren Elkarteak hartuko du 2023an Gernika-Lumoko Marijesiek batutako dirua: 3.177,55 euro. Arnasa elkartearen izenean Amara Bañuelos eta Leire Fernandezek hartu zuten dirua Merkurio parean, abenduaren 29an egindako agerraldian. Diru hori hartzerakoan “pozik eta eskertuta” agertu ziren Arnasa elkarteko kideak, eta jende gaixoaren izenean eskerrak eman zizkieten marijesiei.
Gaixotasun arraroa da fibrosi kistikoa, kronikoa, genetikoa ete denegeratiboa. 5.000 jaiotzatik bati eragiten dio, eta gutxi gorabehera, 180 kasu daude Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Gainera, 35 biztanletik bat fibrosi kistikoaren eramaile osasuntsuak dira. Gaixotasun arraroen artean “arruntena” dela adierazi dute Bizkaiko elkarteko kideek.
Gaixotasunaren zantzu nagusiak arnas eta digestio aparatuetan kokatzen dira. Fibrosi kistikoak muki lodiak sortzen ditu biriketan, eta, ondorioz, infekzio gehiago izan ohi dituzte gaixotasuna sufritzen dutenek. Horrek birikiak okertzea eta euren arnasa hartzeko gaitasuna gutxitzea dakar. “Hain zuzen ere, fibrosi kistikoan, sekrezioen ur, sodio eta kloro edukia loditu eta gutxitu egiten da, eta horrek birikaren, gibelaren, pankrearen eta ugaltze sistemaren zatiak nagusiki suntsitzen dituzten infekzioak eragiten ditu”, azaldu dute Arnasa elkartekoek. Hala, mukiak dituzten organo guztietan du eragina gaixotasunak, eta, ondorioz, digestio aparatua ere baldintzatuta dago. Pankreari dagokionez, muki horiek ez dute uzten gorputzak sortzen dituen entzima pankeatrikoak garatzen, eta, jaterakoan, pilulak hartu behar izaten dituzte, gorputzak elikagai horiek apurtzeko, xurgatzeko eta barneratzeko.
Gaixotasun hori duten umeak baldintzatuta daude, eta euren egunerokoan ondo bizitzeko hainbat zeregin izaten dituzte. Hain zuzen ere, gaixoen zein euren familia eta senideen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten du Arnasa Bizkaiko Fibrosi Kistikoaren Elkarteak, eta horretara bideratuko dute Gernikako Marijesietatik jaso duten dirua.
Bederatziurrena.
Bederatziurrena egiten dute Gernikako Marijesiek Gabonak aurretik, eta gaueko errondetan kalera ateratzeaz gain, egunez ere kantuan ibiltzen dira abenduaren 24an. Azken egun horretan, goiz eta eguerdi partean, udalerriko kaleetatik ibiltzen dira koplak abesten eta zakuagaz dirua biltzen. Hala, dohaitza egin duten herritar guztiak eskertu gura izan dituzte: “Eskerrak eman behar dizkiegu gernikar guztiei, proiektu honen alde emandako diruagatik”.
Horrez gain, bederatziurrenaren balorazio positiboa egin dute, izan ere, emandako datuen arabera, asko eta asko izan dira errondetan parte hartu duten bizilagunak.