Salicako langileek kalera atera dituzte euren aldarrikapenak, berriro
Enpresagaz izandako bileretan akordiorik lortu ez dutela eta, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEE) ezarriko dietela salatu dute beste behin Bermeoko kaleetatik gaur [abenduak 22] egin duten manifestazioan.
Salicako langileen borrokak ez du etenik. Kalera atera dira berriro, euren aldarrikapenak ahanzturan ez geratzeko. Enpresagaz izandako bileretan akordiorik lortu ez dutela eta, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEE) ezarriko dietela salatu dute beste behin Bermeoko kaleetatik egin duten manifestazioan. Goiko plazan batu eta kalerik kale ibili dira.
Gogoratu dutenez, 173 langile ditu Salicak, eta lan taldearen erdia baino gehiagok ABEEE ezarrita egon da aurten, “enpresak saldu dezakeena baino gehiago ekoizten duela egotzita”. Langileek, euren aldetik, esan dute lan egiteko prest daudela, eta arazoari irtenbidea bilatzea enpresaren zuzendaritza taldeari dagokiola. “Konponbidea ezin da izan langileak ABEEE ezarrita eta lan baldintza penagarrietan egotea”, salatu dute beste behin. Enpresak arazoa konpontzeko daukan “borondate falta” ere plazaratu dute.
Azpimarratu dute bermeotarrek borrokarekin bat egitea garrantzitsua dela, eta hori erakutsi dute herritarrek, hainbat izan baitira gaurko manifestaziora batu direnak.