Euskadiko Karakol Txapelketa hartuko du beste urte batez, Merkatu plazak
Karakol lehiaketez gain, Nazioarteko Tiragoma Txapelketa egingo dute 10:00etatik 14:30era bitartean.
Zapatuan [abenduak 23], 10:00etatik aurrera, Gernika-Lumoko Merkatu plazan jokatuko da Euskadiko Karakol Txapelketa. Hitzordu gastronomikoaren 41. aldia izango da, eta Bizkai, Araba zein Gipuzkoako herritarrek parte hartuko dute. Horrez gain, produktu bereko etxeko kazolen lehiaketa ere egongo da, eta foru hiribilduko bizilagunek bakarrik parte har dezakete horretan. 14:00ak aldera banatuko dituzte sariak.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lehiaketara bustinezko bi kazola aurkeztu ahalko dituzte parte hartzaileek, eta bakoitzak gutxienez bi kilo karakol izan beharko ditu. Antolatzaileek zehaztu dutenez, generoa etxetik eroan ahalko dute egosita, azokan hori lantzeko. Etxeko lehiaketan, aldiz, kazola bakarra aurkeztu ahalko dute parte hartzaileek.
Euskadiko Karakol Txapelketako irabazleak 150 euro eta Gabonetako saski bat jasoko ditu saritzat, eta bigarren sailkatuak, berriz, 120 euro. Gernikarren arteko txapelketan, aldiz, sei sari banatuko dituzte: irabazleak 60 euro eta Gabonetako produktu sorta jasoko ditu, eta besteek denetariko sariak.
Karakol lehiaketez gain, Nazioarteko Tiragoma Txapelketa egingo dute 10:00etatik 14:30era bitartean.