Eurocup Women txapelketako final zortzirenetara
Kangoeroes Mechelen talde belgiarrari Eurocup Women txapelketako kanporaketako itzuliko partiduan 69-58 irabazita sailkatu da Lointek Gernika txapelketako hurrengo fasera.
Lointek Gernika Bizkaiak 69-58ko markagailuagaz irabazi zion atzo [abenduak 20] Kangoeroes Mechelen talde belgiarrari Eurocup Women txapelketako kanporaketako itzuliko partiduan, eta final zortzirenetara sailkatzea lortu dute talde gernikarrekoek. Bost puntutik gorako errentagatik irabazi behar zuen Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak, joaneko norgehiagoka 5 puntugatik galdu zuelako. Lointek Gernikako jokalariek partidu hasieran lortu zuten 10 puntuko errenta, eta horri eutsi zioten aurrez aurrekoa irabazteko eta hurrengo fasera sailkatzeko, baina ez urduritasunik barik.
Joaneko partiduaren jarraipena izan zen atzokoa. Lointek Gernikak ez zuen jokatzeko era aldatu, eta Kangoeroes Mechelenek ere bere jokatzeko estiloaren alde egin zuen. Barne jokoa bilatu zuten talde gernikarrekoek, eta trantsizio zuzen eta arinak, aldiz, belgiarrek. Defentsa trantsizioa egitea asko kostatu zitzaien Lointek Gernikakoei lehenengo minutuetan, eta 6-11 aurreratu ziren bisitariak. Hala ere, defentsa sendotu eta lehen 10 minutuetarako 7 puntuko aldea lortu zuten: 21-14.
Bigarren laurdenean, Crystal Bradforden kantxaratzearen ondorioz, erasoan hobetu zuten, bai ekoizpenean, bai saskiratzean. Eta aldea 13 punturaino zabaldu zuten: 27-14. Stephanie Wattsek ere bere ekarpena egin zuen, eta sartutako hirukoagaz aldea handiagotzea lortu zuen. Aldea murrizteko asmoz, hirukoak bilatu zituzten belgiarrek, eta hala egin zuten. Hala ere, Itziar Ariztimuñok eta Marta Alberdik denfentsan erritmoa sendotu zuten, eta intentsitatea ezarri zuten. Hori dela eta, 40-23ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira talde gernikarrekoak.
Hirugarrenean ez zuten partidua erabat hautsi, eta asko hurbildu ziren belgiarrak. Kontraerasoan arin eta hirukoetan eraginkor aritu ziren bisitariak, baina Marie Michelle Milapie ailegatu zen horien erasoa gelditzera. Barne jokoan ausartu zen, baita distantzia erdiko jaurtiketetan, eta 20 puntuko aldea 10 puntura murriztu bazen ere, horri eustea lortu zuten Lointek Gernikakoek.
Laugarren zatian zortzi puntura hurbildu ziren belgikarrak, minutu eta erdiren faltan, baina Lointek Gernikakoek burua hotz mantendu eta garaipena lortu zuten.