Lopezen aurkako prozedura judizialera udala "akusazio partikular" gisa batzea proposatu dute EAJk eta EH Bilduk
Bi alderdiek eskatu dute udalaren baliabideak biktimaren esku jartzea, hala nola, aholkularitza psikologikoa eta juridikoa. Gainera, garrantzitsutzat jo dute umeenganako erasoak ekiditeko protokoloak eta jardunbideak zehazteko prozesu bat martxan jartzea.
Mario Lopezen aurkako prozedura judizialera udala akusazio partikular modura aurkezteko proposamena egin dute EAJk eta EH Bilduk. Proposamena adostu eta eskaera udalean erregistratu dutela jakinarazi dute.
Adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Lopez, Lointek Gernikako entrenatzaile izandakoa. El Pais egunkariak zabaldutakoaren arabera, 1998an 13 urte zituen neska bati ordutik 2001era arte sexu abusuak egitea leporatzen diote. Hori dela eta, erasotuari babesa adierazteko eta gertaerak gaitzesteko udalak adierazpen bateratu bat kaleratzeea eskatu dute.
Horrez gain, bi alderdiek eskatu dute udalaren baliabideak biktimaren esku jartzea, hala nola, aholkularitza psikologikoa eta juridikoa.
Gainera, garrantzitsutzat jo dute, ikastetxe eta kirol klubekin elkarlanean, umeenganako erasoak ekiditeko protokoloak eta jardunbideak zehazteko prozesu bat martxan jartzea, “etorkizunean horrelako gertaerak ekidin eta gertatzekotan zelan jokatu adosteko”.
Gaitzespenak.
Gaur [abenduak 20] adierazpen bateratua kaleratu dute bi alderdi politikoek, baina, leheneago ere, nork bere aldetik gertaerak gaitzetsi zituen.
EAJk, esaterako, astelehenean, irmoki arbuiatu zituen gertaerak, eta “babes eta laguntza osoa” eskaini zion biktimari: “Honelakoak behin betiko errotik ddesagerrarazi behar dira, elkarren arteko errespetuan oinarritutako gizartea eraikitze aldera. Inoren aurkako indarkeriak eta jazarpenak ez dute lekurik gure artean”.
EH Bilduk domekan adierazi zuen “erabat sinesten” duela erasotuaren errelatoa, eta euren babesa adierazi zioten. Udalak bere bitarteko guztiak biktimaren eskura jartzeko eta udalaren Bozeramaileen Batzordea “urgentziaz” deitzeko eskatu zuten. Ez zuten erantzunik jaso. Horrez gain, egoera horren berri zeukaten eta erasotzailea bere prestigio postuan mantentzea ahalbidetu zutenei “erantzukizuna eta beharrezko neurriak” hartzeko eskatu zieten.