Kudeaketa Aurreratuaren diploma jaso du Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak
Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren Sariak banatu zituen atzo arratsaldean Gasteizen, praktika aurreratuak dituzten enpresei aitortza egiteko.
Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren Sariak banatu zituen atzo, Gasteizko Europa jauregian. Erakundeak kudeatzeko Euskal Herrian garatutako sistema bat da Kudeaketa Aurreratua deitzen zaiona, eta helburua honako hau da: erakundeak hobeto kudeatzea. Bide horretan, sari batzuk banatzen ditu Euskalitek (Kudeaketaren Bikaintasunerako Euskal Fundazioak), Kudeaketa Aurreratuaren Eredua oinarri hartuta enpresek egiten dituzten hobekuntzak aitortzeko. Atzoko sari banaketan, ziurtagiriak jaso dituztenen artean dago Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza. Denetara, 57 ziurtagiri banatu zituzten.
Maila ezberdinetan sailkatuta banatzen dituzte Kudeaketa Aurreratuaren Sariak eta bide horretan lehen pausoa emanda eskuratu du diploma HITZAk. Azken bi urteetan lanketa handia egin ondoren iritsi da aitortza, hemendik aurrera ere bide horretan urratsak ematen jarraitzeko asmoz.
Kudeaketa Aurreratuaren Eredua. Kudeaketa Aurreratuaren Ereduak funtsezko bost elementu jasotzen ditu: estrategia, bezeroak, pertsonak, gizartea eta berrikuntza. Ebaluazioaren oinarria da erakundeek horietako bakoitzean lortutako garapen maila eta lortutako emaitzak aitortzea. Sari banaketagaz, praktika aurreratuak dituzten eta beren interes taldeen asebetetze orekatuak dituzten enpresak aitortzen ditu Jaurlaritzak. «Sarien helburua da kudeaketan aurreratuenak diren erakundeak identifikatzea eta aintzat hartzea, era horretan Bizkai, Araba eta Gipuzkoako sare sozioekonomikoa Kudeaketa Aurreratuak lehiakortasunean duen garrantziaz sentsibilizatzeko eta erakunde bakoitzaren emaitzak hobetzeko», adierazi dute sariaren sustatzaileek.