Kaleetako lika garbitzeko lanak egin dituzte Mundakan
Herriko gune jakin batzuk garbitu dituzte, baina udalerri osoan lanean segitzea aurreikusten dute udaletik.
Mundakako Udalak udalerriko kaleetako nahiz espaloietako lika kentzeko obra lanak egin ditu egunotan. Udaleko Obra, zerbitzu eta Mantentze saileko lantaldeak kaleetako eremu zikinak eta irristakorrak garbitu ditu, herritarren segurtasuna eta irisgarritasuna bermatze aldera. Herriko gune jakin batzuetan egin dituzte lanak, baina ez dituzte burutu oraindik. Izan ere, Mantentze saileko zinegotzi Mikel Bilbaok azaldu duenaren arabera, “herri osora” zabaldu gura dituzte garbiketa beharrok: “Horretarako, baina, denbora behar dugu; gutxinaka-gutxinaka joango gara udalerriko gainontzeko eremuak atontzen”.