Errumaniako zinema zikloa prestatu du Zine Klubak
Zine Klubak abenduaren 26rako eta 27rako prestatu du Errumeniako zinema zikloa. 'Metronom' eta 'R.M.N.' filmak proiektatuko dituzte.
Errumaniarren eta gernikarren arteko harremanak estutzeko eta topagune bat bilatzeko helburua dauka Zine Klubak abenduaren 26rako eta 27rako prestatu duen Errumeniako zinema zikloak: “Gure udalerriko bizilagunak hurbiltzeko antolatu dugu errumaniar zinemaren zikloa, gure herrian oso presente dauden bi kulturen arteko topaketa txiki bat ahalbidetzeko”.
Izan ere, Busturialdeko Mankomunitateak zabaldutako iazko datuen arabera, Gernika-Lumon 1.020 errumaniatar bizi dira. Hala, bi ikus-entzunezko proiektatuko dituzte Lizeo Antzokian, 20:00etan: Metronom eta R.M.N.
Metronom izango da lehenengo proiektatuko dutena. 1972an giroutako film oso saritua da, Alexandru Belc-ek zuzendutakoa, eta zapalkuntzaren ondorio kaltegarriei buruzko azterketa lasaia egiten duena. Bestalde, Cristian Mungiuren lana da R.M.N. ikus-entzunezkoa: “Ziur asko, Cristian Mungiu da mende hasieran sortu ziren zuzendari errumaniarren artean garrantzitsuena. Film honek gaur egungo Europaren unibertsoa, beldurra eta arrazakeria definitzen ditu”.
Agur Santa Clara.
Santa Clarako mojek Gernika-Lumo utzi dute, eta omenaldi zein aitortza bat egin gura izan diete Zine Klubeko kideek, “udalerriko memoriaren parte direlako”; hori dela eta, herriak eurei egindako agur omenaldia jaso dute ikus-entzunezkoan. Abenduaren 29an ikusi ahalko da zineman, ohiko ordutegian (20:00).
Jarraian, Zine Klubak 40 urte hauetan egindako ibilbidea ospatzeko iaz sortu zuten proiekzioa erakutsiko dute Zine Klubekoek: Gure bizitzaren filmeak. ZineKlubaren 40. urteurrena.