Jendetza batu du Arratzuko azokak
12:00etan zabaldu zuten azoka, eta, besteren artean, gaztak, pateak, kontserbak, goxoak edota taloak dastatzeko aukera izan zuten herritarrek. Etzi [abenduak 21] San Tomas eguna ospatuko dute.
Gabon itxura hartu du Arratzuk. Gabon kantek eta argiek piztu zuten herria barikuan eta zapatuan [abenduak 15-16], baina denetariko produktuen azoka eta ardo dastaketa izan ziren domekako [abenduak 17] protagonistak. Jendetza bertaratu zen Loiolako plazara, eta zer edan eta zer jan eduki zuten bertaratu zirenek.
12:00etan zabaldu zuten azoka, eta, besteren artean, gaztak, pateak, kontserbak, goxoak edota taloak dastatzeko aukera izan zuten herritarrek. Horrez gain, dantza modernoko umeek dantza ikuskizuna eskaini zuten, eta Piñapolak Otxotea arduratu zen egonaldia girotzeaz.
San Tomas eguna.
Giroak ez du etenik izango herrian, izan ere, etzi [abenduak 21] San Tomas eguna ospatuko dute izen bereko elizan. 12:30ean hasiko da meza nagusia, eta ostean, trikitixa eta panderoz alaituta, pintxoak egongo dira aukeran. Arratsaldean, baina, briskara lehiatzeko ordua iritsiko zaie arratzuarrei; 18:30ean, 8. Brista Txapelketan elkartuko baitira.