"Zuzendaritza Batzordeak inoiz ez du jakin salaketa delitua adingabe bati sexu abusu jarraituak egiteagatik zela"
Aitortu dute Lopezi barneko kudeaketaren ardura emateko erabakia hartzea “ez zela nahikoa izan” eta “prozesuan egindako akatsengatik” barkamena eskatu dute. Ibon Torrealdai jarri dute haurren babeserako arduradun.
Gernika KESBeko Zuzendaritza Batzordea gaur [abenduak 18] batu da Mario Lopezen aurkako salaketaren gaineko azalpenak emateko. Orain artekoari eutsi diote. Berretsi dute ez dutela “inoiz, inoiz, inoiz” domekara arte [abenduak 17] informazioaren berri izan. “Zuzendaritza Batzordeak inoiz ez du jakin salaketa zela delitua adingabe bati sexu abusu jarraituak egiteagatik. Ez dugu ez salaketarik ezta kereilarik jaso, Mario Lopezengandik jaso dugun informazioa bakarra da sexu jazarpen delitua izan da”.
Hain zuzen ere, gogoratu dute informazioaren berri izan zutenean Lopez klubeko barneko lanetara bideratzea erabaki zutela, baina, aitortu dute erabaki hori “ez zela nahikoa izan” eta “prozesuan egindako akatsengatik” barkamena eskatu dute. Horrez gain, esan dute Lopez klubeko lanetatik alde batera utzi zutela, Espainiako Saskibaloi Federazioak klubaren aurkako salaketaren berri izan zutenetik.
Martxan jarri dira.
Gernika KESBek “irmoki” salatu eta gaitzestu ditu edozein motatako indarkeria motak. Gainera, bat egin du biktimagaz. Klubak umeen eta gazteen babesa bermatzeko “konpromisoa” agertu du, hartu behar diren erabakiak ezarri eta indartzeko. Ibon Torrealdai jarri dute haurren babeserako arduradun bezala, eta Juan Carlos Soto del Castillo abokatua izango da protokoloak gauzatzeko arduraduna.