Zearretako kirol instalazioak berrituko ditu Gernika-Lumoko Udalak
532,920.40 euroko inbertsioagaz, saskibaloiko kantxetan estalkia jarri gura du udalak. Proiektuak Seber Altube Ikastolako eta Allende Salazar Herri Ikastetxeko 1.550 ikasleri baino gehiagori egingo die mesede.
Gazteen ongizatearen eta jarduera fisikoaren sustapenaren aldeko apustua egingo du datorren urtean Gernika-Lumoko Udalak: Zearreta inguruko kirol inslatazioak egokituko ditu. Izan ere, saskibaloiko kantxetan estalkia jarriko du, eta, horretarako, 532.920,40 euroko inbertsioa egingo du. Udal arduradunek zehaztu dutenez, proiektuak Seber Altube Ikastolako eta Allende Salazar Herri Ikastetxeko 1.550 ikasleri baino gehiagori emango die zerbitzua.
Gaur egun, kirol eremua hiru gune estrategikotan eta bi mailatan banatzen da. Goiko aldean frontoia dago, 33,25 metroko kotan. Lau metro beherago, baina, bi espazio daude: saskibaloiko kantxek hartzen duten espazioa, bata, eta areto futbolera bideratutakoa, bestea.
Inbertsioak 925 metro koadroko azalera duten saskibaloiko pisten eremua hobetu gura du, hori estalki batekin babestuz. “Proiektu honek kirol instalazioak nabarmen hobetzeaz gain, aisialdietan aterpea emango die ikasleei, euria egiten dutenean ere kirola egiteko aukera emanez”, azpimarratu du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Zehaztu duenez, Allende Salazar ikastetxeak eta Seber Altube Ikastolak 1.550 ikasle baino gehiago dituzte bien artean, eta biek ala biek erabiltzen dituzte instalazio horiek eskola orduetan. Hori dela eta, obrak ikasleen kirol esperientzia “aberastea” dute helburu, baita garapen fisikorako eta aisialdirako espazio “egokia” bermatzea ere.
Obrak abenduan lizitatu gura ditu udal gobernuak, datorren urtearen hasieran lanekin hasteko.