Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek edozein motatako indarkeria gaitzetsi dute
Lehen mailako jokalariek azaldu dutenez, denboraldia hasi aurretik, taldeagaz kontratua fitxatu zutenean, ez zuten salaketaren berri izan: "Pertsona eta emakume gisa, edozein motatako indarkeria eta sexu abusuak gaitzesten ditugu".
“Pertsona eta emakume gisa, edozein motatako indarkeria eta sexu abusuak gaitzesten ditugu”, adierazi dute Lointek Gernika Bizkaiako jokalari guztiek.
Adingabe bati hiru urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Mario Lopez Lointekeko entrenatzaile ohia, eta lehen mailako jokalariek azaldu dutenez, denboraldia hasi aurretik, taldeagaz kontratua fitxatu zutenean, ez zuten salaketaren berri izan.
Gehitu dute, behin salaketa zegoela jakinda, entrenatzailea baztertzea erabaki zela: “Jokalariok denboraldiaren hasieran fitxatu genuenean, entrenatzailearen egoeraren berririk ez geneukan. Salaketa bat zegoela esan ziguten unean, entrenatzailea baztertzeko erabakia hartu zen. Hala ere, esan beharra dago, atzo El Pais egunkarian salaketa sexualari buruz azaldu ziren xehetasunen berri ez dugula inoiz izan”.