Herriko informazio orokorra jasotzeko WhatsApp taldea
Difusio taldea baliatuz, denetariko gaiei buruzko informazioa helaraziko die herritarrei Ibarrangeluko Udalak. Izena emateko, kultur etxera jo beharra dago.
Ibarrangelutarrek beraien udalerriko informazio orokorra WhatsApp bidezko difusio talde baten bitartez jaso ahalko dute aurrerantzean. Hedapen zerrenda hori herrian egin izan diren kultur egitasmoen berri emateko baliatu izan dute egun arte, baina hemendik aurrera hedapen esparru zabalagoa edukiko duela argitu dute udal ordezkariek.
Hain zuzen ere, udalerriko egunean-eguneko kudeaketaren inguruko informazioa jaso ahalko dute herritarrek. Besteren artean, kultur jarduerak, bandoak, lan eskaintzak edota herriko azpiegituretan zein zerbitzuetan dauden gorabeherak Whatsapp talde horretan zabalduko dituzte, guztiak jakitun izan daitezen.
Difusio taldera sartzeko interesa dutenei animatzeko deia luzatu die udal gobernu taldeak. Hori egiteko, kultur etxera jo beharko dute, ohiko ordutegiaren barruan eta bertan izena eman ahalko dute.