"Alor psikologikoa gako izanik, behetik gorako finala egin dut"
2021ean bezalaxe, Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarraren burura jo du Bizkaiko bertsolaririk onenaren txapelak, 1.036,5 puntu lortu ostean. Busturialdeko finalistak goiko kotan aritu dira: Onintza Enbeita Maguregi muxikarra bosgarrena izan da, 607 puntugaz; Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernika-lumotarra, ostera, zazpigarrena, 556,5egaz.
Zapatuan [abenduak 16], txapela janzteko merezimendua eduki zuten zortzi buru aritu ziren Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Miribillako finalean. Merezimenduak merezimendu, txapelak azkenean neurri-neurriko burua topatu zuen: urte biren ostean, Nerea Ibarzabal Salegik bigarrenez irabazi zuen lurraldeko lehiaketa. Lorpena oraindik “asimilatu ezinik”, finalaren eta txapelketaren erradiografia egin du txapeldun markina-xemeindarrak.
Zer sentitzen du txapeldunak, finala irabazi eta ordu gutxira?
Sentsazio kontrajarriak. Oraindik ez dut barneratu bizitako guztia. Egun batzuk beharko ditut, udazken honi eman diodan amaiera ederra guztiz ulertzeko.
Zelan heldu zinen finalera? Azken txapela jantzi duenaren presioa igarri zenuen?
Horri esangurarik ematen saiatu ez arren, sumatu nuen. Gura baino gehitxoago sufritu nuen finalean, eta borrokatzea tokatu zitzaidan, batez ere, saio hasieran.
Bizkaiko txapel bi poltsikoan, eta Euskal Herriko finalean ere aritzearen eskarmentua. Bertsolari legez, heldutasuna harrapatu duzula uste al duzu?
Bai, baina aspalditik nabaritzen nuen bertsotan gustura nenbilela; txapelik gabe ere, plazaz plaza eta maite dudan jendeaz inguratuta, oso pozarren ibili naiz.
Finalista denek laprastekoren bat edo beste izan zuten. Alde horretatik, burua hotz mantentzea giltzarri izango zen.
Bai. Alor psikologikoa gako izanik, behetik gorako finala egin dut. Edozelan ere, une batean denak ikusten nituen buruz burukorako hautagaitzan; orduan erabaki nuen gertatu behar zena gertatuko zela onartzea. Hautu hori mugarri izan zen.
“Aurtengo finalean, zaldi eta behor oso onak egon dira”
Finala abiatu orduko, finalistetako baten bat faborito modura begiz jota al zenuen?
Aurtengo finalean, zaldi eta behor oso onak egon dira. Xabat Galletebeitia, Jone Uria eta Onintza Enbeita ondo ariko zirela uste nuen. Behin saioa hasita, baina, denak ikusi nituen sendo.
Goi mailako lehia egon arren, zelan edo halan, samurtasunaren finala izan da: konpetentzia sanoa igarri zen oholtzan.
Erabat ados. Estutasunak estutasun, denok plazakide eta adiskideak gara. Gainera, Lea-Artibai eta Busturialdekoak elkarregaz entrenatzen aritu gara, horrek dakarren saretzeagaz. Bertsolari bakoitzak kolore bat eman dio finalari, eta ikusleek hori eskertu dute.
“Buruz burukoa baino lehen, Jone Uriak eta biok komentatu genuen aurten 2021ekoa errepikatzea gaitza izango zela, baina azkenean halaxe izan zen”
2021eko bi bertsolariek iritsi zarete aurten buruz burukora. Berriro Jone Uriagaz aritzea aurreikusten al zenuen?
Buruz burukoa baino lehen, biok komentatu genuen aurten 2021ekoa errepikatzea gaitza izango zela, baina azkenean halaxe izan zen. Urteek eman diguten sendotasunaren erakusle da hori. Puntuazioak zelan zihoazen ez nekienez, neure buruari gauza bakarra eskatu nion, buruz burukora sailkatzeaz harago: final distiratsua egiten saiatzea eta gainontzeko guztiaz ahaztea.
“Kasualitatea” izan zen ganbarako langaia, eta zuk laguntasunari oda bat egin zenion.
Berba horrek pisu handia duenez, zalantzekin ibili nintzen. Hasieran, bertsotan hasi den umearen larrutan ipintzea bururatu zitzaidan, baina erabaki nuen ez nintzela meta-bertsolaritzaren inguruan ariko. Orduan otu zitzaidan fikziora jotzea: parrandan ezagutu, eta bizitzan pisu handia hartu duen pertsona bati zuzendu nintzaion. Erromantizismoa adiskidetasunera eroan nuen; gustura geratu nintzen egindako lanagaz.
Azken agurrean, badirudi ardura zaizkizun gaiak (euskararen egoera hezkuntzan, Gazako sarraskia, merkatu librea…) koktel ontzi batean sartu zenituela, eta argi izpi bat desastrean piztu zitzaizun.
Esperantzarako deia izan zen, banaketa eta gatazka urte honetan. Iluntasunaren aurrean, kontzientziak aktibo mantentzeko asmoz bota nuen bertsoa.
“Miribilla plaza zoragarria da; beti etxe legez sentitu izan dut”
Miribillak, beste behin, bere maitasunagaz erantzun zizuen finalista guztioi.
Plaza zoragarria da; beti etxe legez sentitu izan dut. Aspirazio pertsonaletatik harago, aurten, ia 4.500 ikusleen eta bertsolarien arteko hartu-emana apartekoa izan da, oso-oso berezia.
Bizkaiko final batean ere ez dira igo hainbeste emakume taula gainera. Badago, beraz, motiborik ospatzeko, ezta?
Icebergaren punta ospatzeko, behintzat, bai. Izan ere, plazetan egiteko handiak daude oraindik. Bertsolaritzaren argazki orokorrak oraindik arrakala erakusten du. Era berean, ohorea da Enbeita moduko eskarmentudun bertsolariekin aritzea: garai bateko biolentzia hori bete-betean jasandak eta horren euste horma izandako emakumeekin parez pare aritzea oso berezia da niretzat; neurri handi batean, urte latzetan tinko borrokatu zuten bera moduko emakumeei esker gaude ni bezalakoak, egun, bertsolaritzaren panoraman.
Zer esanik ez Lea-Artibaiko ordezkaritzari buruz: zortzi finalistatik hiru, denak elkarren alboan jesarrita. Harrobiko lanaren emaitza ere izango da, ezta?
Jakina. Lorpen handia da. Lan pertsonalaz gain, bertsoaren inguruan biltzen den talde bat egotea izugarrizkoa da. Hobetzeko, bakarrik ez sentitzeko eta babestua igarteko nahitaezkoa da. Terapia baten parekoa da.
Ba al zegoen finalean espero zenuen beste bertsolaririk?
Sailkatutako guztiek euren txartela merezimendu osoz lortu arren, badira zenbait: Aitor Bizkarra, Josune Aramendi, Ibai Amillategi edota Txaber Altube.
Uda ostean Bizkaikoa prestatzen hasi zen Nerea Ibarzabal hari zer esango lioke egungo txapeldunak?
Egiten duen ezer ez dela alferrik, berak uste baino gehiago ikasi duela, eta bizitza lasaitasunez hartzeko.
Eta, aurrerantzean, zer?
Lasai hartuko dut urtea. 2024an, plazei begira ariko naiz, txapelketaren autoebaluaketatik deskonektatuta eta lekuan lekukoaz ahal bezainbeste gozatuz.