Gernikako EH Bilduk EAJri proposatu dio zentsura mozioa aurkezteko
Jose Mari Gorroñoren aurkako zentsura mozioa aurkezteko proposamena egin dio EH Bilduk EAJri. EH Bilduk esan du EAJk "prestutasuna" agertu duela.
Zentsura mozioaren bidez, Jose Mari Gorroño (Guztiontzako Herria) alkatetzatik kentzeko proposamena egin dio Gernika-Lumoko EH Bilduk EAJri. Gorroñok EAJko zinegotzien botoei esker lortu zuen alkatetza ekainean, baina Guztiontzako Herriaren eta jeltzaleen arteko akordioa urrian apurtu zen. Orain, EH Bilduk, maiatzeko hauteskundeetako indar bozkatuenak, zentsura mozioa aurkeztea proposatu die jeltzaleei. “Zentsura mozioa da, gaur gaurkoz, gobernagarritasuna bermatu dezakeen aukera. Horrek ez du baztertzen, inondik inora, udalbatzan ordezkaritza duen Guztiontzako Herriarekin elkarlana bilatzea”, adierazi dute koalizio abertzalekoek.
Diotenez, euren helburua da udalerriak “aurrera” egitea, eta “aro politiko eta instituzional berriari ateak zabaltzea”. Hala, indar bozkatuena izateak alderdiari ematen dion “arduratik”, zentsura mozioa aurkeztea eta Jose Ramon Bilbao Catala Buli alkate izatea proposatzea erabaki du. EH Bilduk esan du EAJk “bere prestutasuna” adierazi diela balizko zentsura mozioaren parte izateko.
Koalizio abertzaleak jakinarazi du joan den astean eskua luzatu ziela Guztiontzako Herriari eta EAJri proiektuak bultzatzeko udal aurrekontua adosteko; hala ere, EH Bildukoek gogoratu dute udalerriari gobernagarritasun “egonkorra” eskainiko dion “gehiengoa osatzeko bideak aztertzen jarraitzeko” beharra ere azpimarratu zutela. “Udalaren gobernagarritasunaren alde lanean egon gara Guztiontzako Herriagaz zein EAJgaz harremanak mantenduz eta proposamen ezberdinak landuz. Azken hilabete honetan, harremanak areagotu eta emankorragoak izan direla baloratzen dugu, bereziki EAJrekin, gobernagarritasun akordio bat sinatzeko puntuan egotera arte”.
Ziurtatu dute Gernika-Lumoren eta bertako herritarren interesak “lehenetsiko” dituen akordioaz ari direla: “Honek, ezinbestean, bestelako eskuhartzerik eta tutoretzarik gabekoa behar du izan. Gernika-Lumotik eta Gernika-Lumorakoa, eta herritarren interesak lehenesten dituena. Erantzukizun politikoagatik eta Gernika-Lumok eta gernikarrok merezi dugulako, herria martxan jartzeko lan egingo dugu”.