Maloste epaile izango da
Lointek Gernika Bizkaiak 75-70 galdu du Kangoeroes Mechelen taldearen kontra, EuroCup Women txapelketako lehendabiziko kanporaketako joanekoan. Itzuliko partidua hurrengo eguaztenean [abenduak 20] jokatuko dute, etxean.
Joan-etorriko kanporaketa batean, minutu oro gako izan daiteke. 40 minutukoak barik, neurketak 80koak dira. Horren jakitun izan zen atzo [abenduak 14] Kangoeroes Mechelen taldea. EuroCup Women lehiaketako lehen kanporaketako joaneko partidua euren etxean jokatu zuen, eta lehen minututik estu hartu zuten talde bisitaria: Lointek Gernika Bizkaia. 10-2koagaz aurreratu ostean, Lucas Fernandez lehenengo hutsartea eskatzera behartu zuten. Marie Michelle Milapie izan zen egoera konpondu zuena: taldearen ardura lepotan hartuta, 12-13 aurreratu zituen gernika-lumotarrak. Talde biak euren armak zukutu guran aritu ziren lehen laurdenean. Mechelenek kanpoaldea bilatu zuten; Lointekek, ostera, barrualdeko jokoa. 18-13koagaz amaitu zuten zati hori.
Minutuen iraganak are agerikoago egin zituen talde bien asmoak. Goi eta behe zutoina bilatu zuten Fernandezen jokalariek, barrutik min egiteko; belgikarrek, euren aldetik, erritmo handia ezartzeko eta hirukoak aprobetxatzeko intentzia zuten. Bietako batek ere ez zuen lortu bere jokoa gailentzerik. Gernika-Lumoko taldeak buruko min ugari eduki zituen Rae Burrell estatubatuarra geldiarazten; atsedenaldira bederazi puntu poltsikoratuta joan zen. Lointekek, ostera, Crystal Bradforden jokoa baliatu zuen, 24-28 aurreratzeko. Aldageletarako bidea, baina, 30-32koagaz egin zuten.
Atsedenalditik bueltatzean, Gernikako koska bat igo zuen partiduaren maila, baina ez zen nahikoa izan Mechelen menpean hartzeko
Ezin berdinduago.
Atsedenalditik itzultzean, Lointek oldarkorrago kantxaratu zen, 0-4ko partziala lortuz. Edozelan ere, defentsan sendo agertu arren, erasoaldietan urrats bat aurrera egin beharra zegoen, batez ere, erreboteetan; horregaz batera, Mechelen ahalik eta estatikoen aritzera behartzea ezinbesteko zuten. Etxekoek 50-49koagaz agintea hartu arren, Rosó Buchek 50-51koa lortu zuen, hirugarren laurdena osatzeko. Norgehiagoka ezin irekiago zegoen.
Azken laurdenaren hasieran, Bradfordek hiruko jaurtiketa saskiratu zuen; Milapieren eta Buchen jokaldi distiratsuek jarraipena eman zioten, eta Lointek 56-64 aurretik joatera ailegatu zen. Dena dela, etxeko taldeak bere esparrura eroan zuen partidua, 5-0eko partziala tarteko. Cate Reesek eta Heleen Nawuelaersek min handia egin zieten bisitariei; amaierarako minutu bi inguru falta zirenean, 66ko berdinketa ezarri zuten markagailuan. Nawuelaers izan zen, hain zuzen, bere taldeari azken bultzada eman ziona. Hauspo horrek lurperatu zituen gernika-lumotarrak. 75-70ekoagaz nagusitu ziren etxekoak.
Domekan Spar Gran Canariaren kontra jokatuko dute, 12:00etan, etxetik kanpo
Kanporaketa, gaur-gaurkoz, Lointeken aurka dago, beraz. Hori bai, errenta ez da handia eta, horrenbestez, hurrengo eguaztenean [abenduak 20] Malosten jokatuko duten itzulikoak final usaina edukiko du. Atsedenerako tarte barik, Gernikao jokalariek Kanariar Uharteetara bidaia egingo baitute, asteburuan Emakumezkoen Endesa Ligako partidua jokatuko baitute bertan. Domekan [abenduak 17], Spar Gran Canaria edukiko dute aurkari, 12:00etan hasita. Kanariarren kontra irabaztea garrantzitsua izango da, batik bat, Erregina Koparako sailkatze aldera.
Marta Alberdi: “Bost puntuko aldea oso txikia da eta, beraz, edozer gerta liteke itzuliko partiduan”
Neurketa amaitu eta gero, Marta Alberdik argi eta garbi adierazi “kontzentrazio falta” eduki dutela: “Hori dela eta, huts egin dugu banakako jokaldiak defendatzerakoan, eta hutsune asko utzi dizkiegu”. Erasoan, aldiz, “blokeoak” igarri ditu jokalari gernika-lumotarrak. Edozelan ere, lantaldea jadanik itzuliko partiduari begira dagoela adierazi du, kanporaketan aurrera egiteko “aukera pila bat” dutela argituta: “Bost puntuko aldea oso txikia da eta, beraz, edozer gerta liteke itzuliko partiduan. Lehen urratsa Spar Gran Canaria garaitzea izango da, eta ondoren ipiniko gara Europako kanporaketari begira”.