"Lurrak behar gaituelako"
Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ‘Lurrak behar gaitu’ programa antolatu du, Busturialdeko haurrak klima aldaketak eragindako migrazio mugimenduei buruz sentsibilizatzeko.
Kutsadurak eragindako klima aldaketa da gaur egungo ingurumen arazo larrienetako bat. Ekaitz handiak, lehorteak eta beste fenomeno atmosferiko batzuk eragiten ditu, batez ere herrialde pobreenetan, eta ondorioz, milaka pertsonak euren jatorrizko lurraldeetatik alde egin behar izaten dute, herrialde horietan ez baitute etorkizunik. Hala, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Lurrak behar gaitu programa antolatu du eskualdeko haurrak klima aldaketak eragindako migrazio mugimenduei buruz sentsibilizatzeko.
Programa 6 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta dago, eta Eusko Jaurlaritzaren Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren diru laguntzagaz garatzen da. Hain zuzen ere, Ajangizen egingo dute tailerra Gabonetan, abenduaren 26tik 29ra artean, 09:30etik 13:30era bitarteko ordutegian.
Esperimentu eta jokoen bitartez, programak aldaketa klimatikoak duen eraginaz eta horrek munduan eragin ditzakeen migrazio mugimenduez gaztetxoenak jabetzea bilatzen du, baita ingurumena zaintzeko asmoari buruzko banakako ekintzak zein kolektiboak sustatzea ere. Pertsona migratzaileek bizi duten prozesua ezagutuko dute saioetara bertaratzen direnek, eta egungo egoerari buruzko gogoeta egingo dute, enpatia, elkartasuna eta lankidetza jarrerak sustatzeko. “Ideia, kultura eta jatorri ezberdinetako pertsonek dituzten berdintasunezko jarrerak sustatu gura ditugu, aniztasun kulturala elementu aberasgarritzat erabiliz”, azaldu dute.
Izaera aktiboa eta metodologia parte hartzailea erabiltzen duten ekintzak egingo dituzte, horien bidez gorputz adierazpena eta ahalmen fisikoa lantzeko.
Bost ardatz
Programako gai nagusiak bost dira: aldaketa klimatikoa, migrazioa, giza eskubideak, kontsumo arduratsua eta kulturartekotasuna. “Klima aldaketa da egungo ingurumen arazo larriena. XIX. mendetik aurrera, giza jarduerak izan dira klima aldaketaren eragile nagusiak, batez ere, ikatza, petrolioa eta gasa bezalako erregai fosilak erre direlako”, argudiatu dute antolatzaileek. Hori dela eta, “ezinbestekotzat” hartu dute gizakiak klima aldaketaren aurrean duen arduraz kontzientzia zabaltzea eta egoera horri aurre egiteko ekintzak sustatzea.
Klima aldaketak bizi baldintzak zehazten ditu, eta zalantzan jarri ditzake elikatzeko aukerak, jarduera ekonomikoak bultzatzekoak edota biztanleen segurtasuna. Halaber, arriskuan jarri ditzake bizitzagaz, saneamenduagaz, elikagaiekin, osasunagaz, kulturagaz eta garapenagaz lotutako giza eskubideak bermatzea. Hori guztia gelditzeko, eragin “erabakigarria” dute kontsumo ohiturek, bai ingurumenaren kontserbazioan, bai klima aldaketan. “Horregatik da garrantzitsua kontsumitutako produktuez eta sortutako hondakinen azken antolamenduaz jabetzea”, azaldu dute.
Gainera, Internetagaz, aurrerapen teknologikoekin eta mugimendu migratoriei esker, gizartea kulturen, tradizioen, hizkuntzen eta desberdintasunen prisma handi bihurtu da: “Hortaz, aniztasun hori aberasgarritzat hartu dezagun, garrantzitsua da kultura desberdinetako pertsonekiko jarrera afektibo positiboak eta jokabide toleranteak, errespetuzkoak eta solidarioak bultzatzea”.
Esperimentuak
Gai horiek guztiak ulertzeko tresna izango dira jolasak eta esperimentuak. Munduko jolasen bitartez kontinenteetako eta herrialdeetako bitxikeriak ezagutuko dituzte, eta Kahoot lehiaketan aldaketa klimatikoaz zer dakiten eta zer jakin behar duten ikasiko dute. Aldaketa klimatikoa ulertzeko, gainera, zientzialari bihurtuko dira, eta zenbait esperimentu egingo dituzte; besteren artean, berotegi efektuaz eta itsas mailaren igoeraz ariko dira.
Migrantes ipuinaren pistak jarraituz, aldiz, populazioaren mugimenduak ulertuko dituzte. Eguneroko jarduera guztiek naturan eta ingurumenean eragina dutela ulertzeko, bakoitzaren aztarna ekologikoa zen den ezagutuko dute.
Aldaketa klimatikoaren ondorioz herrialde batzuen desagerpen egoera ezagutuko dute parte hartzaileek sukaldaritza tailerrean. Hala, Poke Bowl bat egin bitartean, kontsumo arduratsuaz ikasiko dute, eta bertoko produktuak erabiltzearen garrantziaz ohartuko dira. Herri ezberdinetako herri kirolak ere ezagutuko dituzte, baita sinesmenak ere. Azkenengo saioan, gainera, proiektuak iraun artean ikasitakoak errepasatu eta agur festa egingo dute. Hala, munduko zenbait musika estilo eta dantza tradizionalekin amaituko dituzte tailerrak.