Eskualdeko bederatzi enpresak bat egin dute Turismo Jasangarriaren Europako Gutunagaz
Ostatuak, jatetxeak edota turismo aktiboko enpresak dira TJEG ziurtagiria jaso dutenak.
Atzo [abenduak 14] Turismo Jasangariaren Europako Gutunaren Foro Iraunkorrak azkenengo topaketa egin zuen, Busturiko Madariaga Dorretxean. 2023. urtean zehar turismo jasangarriaren alorrean jorratu dituzten egitasmoak aurkeztu zituzten, hurrengo urterako Ekintza Plana plazaratzeaz gain. Horrez gain, eskualdeko bederatzi enpresak Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren (TJEG) atxikipena berretsi zuten eta, ondorioz, beraien ziurtagiriak jaso zituzten. Ostatuak, jatetxeak eta turismo aktiboko enpresak dira ziurtagiriok eskuratu dituzten eskualdeko enpresak. Ondorengoak dira: Lurdeia, Eco Hotel Mundaka, Urdaibai Experience, Noverek, Almiketxu, Remenetxe, Ardi Beltza, Zallo Barri eta Lezika.
TJEG Europarc Federazioaren ziurtagiri bereizgarria da, eta turismoaren eta naturgune babestuen arteko elkarbizitza bermatzen dela egiaztatzea du jomuga nagusi. Urdaibai Biosfera Erreserbak, TJEGk egiaztatutako gunea den neurrian, partaidetza eta eztabaida organoa dauzka, eta turismoaren esparruari lotutako tokiko eragile publiko nahiz pribatuekin behar egiteko aukera ematen duen Busturialdea-Urdaibai gutuna ere bai. Egun, 39 partaidek osatzen dute TJEGren Foro Iraunkorra; garapen turistikoagaz konprometituta dauden norbanakoak, erakundeak, enpresak, elkarteak, eragileak edota korporazioak dira. Foro hori, hain zuzen ere, ezinbestekoa da Ekintza Planean zehaztu alderdiak behar bezala garatu daitezen, baita eskualdearen garapen turistikoa modu koordinatuan lantzeko ere.
168 dira Europan TJEGri atxikita dauden eremuak, 20 herrialdetan banaturik. Egiaztapen horrek zenbait abantaila ematen ditu, hala nola, Europan turismo jasangarriaren arloan bikaintasuneko lurralde gisa agertzea, garapen sozioekonomiko orekatua sustatzea, zein kalitatezko turismo-produktuak garatzea, hau da, benetakoak eta inguruneagaz koherenteak direnak. TJEGri atxikiz, Urdaibai Biosfera Erreserba Turismo Helmuga Jasangarri gisa ziurtatu den Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lehendabiziko gune babestua izan da.