Gautegiz Arteagako jaietako kamiseta ofizialaren irudia lehiaketa bidez aukeratuko dute
Gautegiz Arteagako Udalak udalerriko jaietarako kamiseta ofiziala sortzea erabaki du, eta, horretarako, diseinu lehiaketa antolatu dute.
Askotariko ekarpenak jasotzea espero dute, eta herritarrak euren ekarpenak bidaltzera animatu dituzte. “Arteagar denontzako kamiseta diseinatu gura dugu. 2007an jaietarako kamiseta bat egin zen, eta ordutik ez dugu eduki. Jaietan denok berdin joateko, herriko kamiseta edukitzeko lehiaketa martxan jartzea erabaki genuen. Herri guztia batzen duen kamiseta bat izatea gura dugu”, azaldu du Patrik Saitua Betanzos Gautegiz Arteagako alkateak. Ahalik eta parte hartze handiena izatea gura dute, eta, horretarako, besteak beste, Montorre Herri Eskolakoei zabaldu diete deialdia.
Parte hartu gura duten herritarrek Aretxederretako Kultur Etxeko helbide elektronikora (kulturetxea@gautegizarteaga.eus) bidali behar dituzte kamisetaren diseinu eta argazkiak, eta abenduaren 21era [eguena] arteko epea ipini dute.