Gabon egitarau oparoagaz datoz Bizkaikoa sareko zentroak
Asteburu honetan hasiko dute Gabonetako programazioa. Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan eta Kortezubiko Santimamiñen askotariko jarduerak eskainiko dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako museoek, aretoek eta historia intereseko lekuek familiei zuzendutako hainbat tailer, hitzaldi eta jarduera eskainiko dituzte datozen asteotan.
Bermeoko Arrantzaleen Museoan Bermeo Erdi Aroan erakusketa inauguratuko dute bihar [abenduak 13], eta horri buruzko hitzaldi zikloa ere antolatu dute. Esaterako, Arrain kontserbak eta fabrikak hitzaldia emango dute zapatuan [abenduak 16], 11:30ean.
Domekan [abenduak 17], berriz, marrazketa ikastaroa emango, eta museoaren sarrerarako murala sortuko dute. 5 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute, eta aurretiaz izena eman behar da 94-688 11 71 telefono zenbakira deituta, arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita edo www.bizkaikoa.bizkaia.eus atarian. Jakinarazi dutenez, museoan ipuin kontalari bat ere egongo da Gabonetako istorioak kontatzeko.
Abenduaren 22an [barikua] Aingeru Astuiren Bermeoko bela arrantza liburua ere aurkeztuko dute.

Gure ondarea ezagutzen: arrantza atzo eta gaur zikloaren barruan, Aingeru Astuik arrantza era eta tresnei buruzko hitzaldia eman zuen azaroaren 23an. Argazkia: Arrantzaleen Museoa.
Kortezubiko Santimamiñen ere Gabon giroko asteburu betea izan da honakoa. Zapatuan [abenduak 16] Olentzero eta Mari Domingi Santimamiñeko kobazuloetara hurbiltzen diren umeak bisitatzera joango dira, eta, domekan [abenduak 17] , berriz, Eguberrietako tailerra izango dute. Urteko azkenengoa izango da, eta, beti bezala, jarduera 7 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Doakoa bada ere, parte hartzeko aldez aurretik erreserba egitea beharrezkoa da 94-465 16 57 telefono zenbakira deituta, santimamine@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita edo www.bizkaikoa.bizkaia.eus atarian. Eguena [abenduak 14] da erreserba egiteko azkenengo eguna.
Era berean, hurrengo asteburuan ere umeentzako eskaintza egogo da. Sorgina-txirulina ipuin kontalariak euskal mitologiari buruzko kontakizun musikatua eskainiko du, abenduaren 23an [zapatua].
Bere aldetik, Euskal Herria Museoaren Gabonetako programazioan umeentzako tailerrak eta doako bisitak daude. Europako Herrialdeetako Parkeko eskulturak bertatik bertara ezagutuko dituzte asteburu honetan. Zapatuan [abenduak 16] 16:30ean hasiko dute bisita, eta domekan, ostera, 11:30ean. Bisita amaitu ostean, umeek eskultura bat egingo dutela aurreratu dute.
Era berean, urtero legez, Gabonetako tailerrak ere eskainiko dituzte 5 urtetik gorakoentzat, eta, horietan, gabonekin lotutako hainbat gai landuko dituzte. Abenduaren 26an, 27an ,28an eta 29an 11:00etan hasiko dituzte saioak, eta eguneko euro bat ordaindu beharko da.
Asteburu honetako zein abenduaren azkenengo asteko tailerretarako erreserba egitea beharrezkoa da 94-625 54 51 telefono zenbakira deituta edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera mezua bidalita.
Busturialdetik kanpo. Aldundiaren gainontzeko zentroei dagokienez, besteren artean, Bilboko Arkeologi Museoak historialari eta arkeologo txikientzako tailerrak izango ditu. Hilaren 27an Apaindu zaitez tailerrean arbasoek “erabiltzen zituzten apaindurak” ezagutuko dituzte. Abenduaren 28an Joko Erromatarretan garai erromatarrean nola dibertitzen ziren ikusiko dute, eta abenduaren 29an Erasora tailerrean Bizkaiko Erdi Aroko gotorlekuak nolakoak ziren ikasiko dute.
Bakioko Txakolingunean Txakomic erakusketa bisitatzeko aukera egongo da, eta domeka honetako Santo Tomaseko dastaketan Bizkaiko hiru txakolin hiru talo ezberdinekin uztartuta eskainiko dituzte. Bestalde, Sorgina-txirulinaren bisita jasoko dute abenduaren 30ean; Din, dan, don Eguberri On! ikuskizunagaz joango da Bakiora.
La Encartada Fabrika-Museoak, ostera, neguko paisaia sortuko dute umeek, eta jarduera horrekin batera askotariko eskulanak egiteko Gabonetako txokoetan parte hartu ahalko dute.
El Pobalgo Burdinolan, besteak beste, umeentzak talo tailerra [abenduak 27] eta ogia egiteko tailerra [abenduak 28] eskainiko dituzte, eta baita Errementariaren etxean jolasten izeneko ere [abenduak 29 eta 30 eta urtarrilak 5]. Gainera, egunotan museora doazen bisitariek Olentzeroren mundua El Pobalgo burdinolan dioramaz disfrutatu ahalko dute: “Aurten La Valleko portuaren berregitea izango du, Juan Miguel Cortes artistak egindakoa”.
Rekalde Aretoan programazio zabala egongo da. Eguenean [abenduak 14] Varietes erakusketara bisita gidatua egingo dute, Eduardo Sourrouille artistak gidatuta, eta zapatuan, ostera, familiarentzako tailerra eta artea eta teknologia lotzen dituen Laino artean proposamena egongo dira aukeran. Gabonetako tailerretan familia erretratuak egingo dituzte [abenduak 26 eta 27 eta urtarrilak 2 eta 3], eta Christmas on the road tailerrean parte hartzen dutenek, berriz, ingelesa ikasteko eta material berriekin esperimentatzeko aukera edukiko dute [abenduak 28 eta 29].