Enrike Zubiaren erakusketa berria, ikusgai
Erakusketa abenduaren 17ra arte [domeka] bisitatu daiteke Nestor Basterretxea aretoan, 19:00etatik 21:0etara bitartean.

Enrike Zubia artista bermeotarraren erakusketa ikusgai dago Nestor Basterretxea aretoan, abenduaren 17ra [domeka] arte. 40 obra inguru biltzen dituen erakusketa honetara gerturatzen direnek teknika eta tamaina anitzeko obrak ikusteko aukera izango dute egilearen esanetan, hala nola, “figurak, ia bi metroko pieza bat, etxe barrutik begira egongo balira bezalako obrak…”. Bestelako gaiak ere jorratzen baditu ere, “Bermeok influentzia nabarmena” du bere lanetan, Zubia bertan bizi baita.
Bermeotik haratago, “emakumearen mundua” lantzen hasita dago, eta horretan jarraitu nahi du artistak: “Emakumeak kirolean, hondartzan, adin ezberdinetakoak… Emakumeari buruzko lana egiten ari naiz, tamaina ezberdinetanen”. Datorren urteko urrian Gernika-Lumoko Kultur-Etxean izango du ikusgai erakusketa, eta figura horiek ordurako prest izatea gustatuko litzaioke, “Gernika eta Gernikan gertatu zena” lantzearekin batera. “Konplikatua” izango dela aurreikusten badu ere, oraindik aurretik denbora duela adierazi du.
Exigentzia maila. Bere lanarekin zorrotza da Zubia, eta ez da erakusketarekin guztiz gustora geratu, baina ez du hori aldatzerik nahi: “Normala da. Erakusketan jarrita errazago ikusten da zer hobetu edo zer egin ahal zen desberdin”. Hobekuntza posibleak antzemateak lanean jarraitzeko motibazioa ematen dio.
Hala ere, bermeotarren aldetik erantzun positiboa jasotzen dute bai Zubiak, bai bere lanak. Artista bermeotarraren esanetan, “telebistak, ordenagailuek eta horrelakoek” gerturatzen den jende kopuruan eragin badute ere, oraindik harrera ona izaten dute bere erakusketek. Zubiak adierazi duenez, bera bermeotarra izan eta bere lana urteetan zehar erakusketetan erakutsi izanak jendea gerturatze horretan positiboki eragin dezake.
Enrike Zubiaren erakusketa abenduaren 17ra arte bisitatu daiteke Nestor Basterretxea aretoan, 19:00etatik 21:0etara bitartean.