Enbeita eta Etxebarriazarraga, finalari heltzeko "ilusioz"
Zapatuan [abenduak 16], 17:00etan, jokatuko dute finala, Bilbao Arenan. Begoña Iturriza Zabalak jantziko dio txapela irabazleari eta Belate Olabarriak emango dio aginte makila.

Bertsozaleek galdu ezin duten hitzordua daukate zapatuan [abenduak 16], 17:00etan, Bilbao Arenan. Zortzi bertsolari norgehiagoka ariko dira Bizkaiko bertsolari onenaren txapela janzteko, eta horien artetik bi Busturialdekoak dira: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernika-lumotarra eta Onintza Enbeita Maguregi muxikarra. Eurekin batera abestuko dute Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein), Xabat Galletebeitia Abaroa (Lekeitio), Aissa Intxausti Aburuza (Lekeitio), Jone Uria Albizuri (Getxo) eta Oihana Bartra Arenasek (Bilbo).
Ibilbide luze baten azken arnasa izango da zapatukoa. Izan ere, 2023ko maiatzean jokatu zuten Udaberria Bertsotan txapelketan erabakita geratu ziren Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketetan nortzuk parte hartuko zuten. Sailkapen fasearen ostean, sei kanporaketa jokatu zituzten bertsolariek; guztira 36 bertsolarik parte hartu dute. Horietatik finalaurrekoetara iritsi zirenek, zazpi bertsolari izan zituzten zain: 2021eko finaletik zuzenean sailkatutakoak.
Enbeitarentzat bederatzigarren finala izango da zapatukoa: “Aurten finalerako ilusio berezi hori berreskuratu dut. Nire burua ondo ikusten dut, fresko”. Etxebarriazarragarena, berriz, bigarrena izango da, eta ilusioz dagoela kontatu du: “Saioa modu kontziente batean hasi eta bukatu nahiko nuke, ofizioz ofizio, kontziente bizi nahi dut plazako une hori”.

Onintza Enbeita eta Aitor Etxebarriazarraga. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Finalaurrekoetatik sailkatutako zortzi bertsolariek bi ataletan jokatuko dute finala. Lehenengo atalean bertsolari guztiek jokatuko dute, eta puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak sailkatuko dira bigarren atalera, buruz-burukoa jokatzeko. Bi ataletako puntuazioak batuta altuena lortzen duenak jantziko du aurtengo txapela.
Aurtengoan, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sorrerako kidea izan zen Begoña Iturriza Zabalak jantziko dio txapela irabazleari: “Horixe omendu nahi izan du Elkarteak. Txapelketak eskaintzen duen erakusleihoa aprobetxatu nahi dugu, egindako bideari aitortza egiteko”.
40 urteko ibilbidea borobildu du aurten Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, eta ibilbide horri hasiera eman ziotenei eskerrak emateaz gain, egindako lana ikusarazi nahi izan dute antolatzaileek, batez ere, “isilean” eta “ia ezkutuan” egindako “inurri lan” hori: “Horren erakusle, Iturriza aurtengo txapelketako txapel emaile izatea”.
Sariak.
Txapelketagaz batera, elkartearen 40. urteurrena ospatzen ari dira, eta sari banaketa ere horren baitan antolatu dute. Horretarako, “elkartearen historiaren” parte izan direnek banatuko dituzte sariak. Sariak banatzen egongo dira Leire Markuerkiaga, Joserra Bilbao, Unai Iturriaga, Idoia Anzorandia, Goizalde Atxutegi eta Ander Elortegi natxituarra. Txapeldunari berriz, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidenteak emango dio aginte makila. Amaitzeko, Nerea Bruñok Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean azken sari bat banatuko du: Erramun Mendibelandaren artelan bat.