Herriko produktuen eta zerbitzuen azoka
Denetarik eta denetzako elkargunea izaten ari da aurten lehenengoz egin duten Gabon aurreko azoka bermeotarra; gastronomiarentzako eta gaztetxoentzako guneak ere ez dira falta Lameran jarri dituzten 50 postuetan.
Ume, gazte zein nagusientzako arropak, jostailuak, zapiak, amantalak, belarritakoak, boltsak, aseguruak, kirola egiteko arropak eta materiala, koadroak, elektronika, lentzeria, optika, Gabonetako apaingarriak, ezkaratzeko makinak…. Denetarik eta denetzako elkargunea izaten ari da aurten lehenengoz egin duten Gabon aurreko azoka bermeotarra; gastronomiarentzako eta gaztetxoentzako guneak ere ez dira falta Bermeon.
Herriko merkatarien eta zerbitzu enpresen lana balioan jarri eta euren produktuak herrian zabaltzeko azoka da Lameran atzotik gaur gauera arte bisitatu daitekeena. Jendearen joan-etorria etengabekoa izan da gaur [abenduak 9] eguerdi bueltan, eta merkatariak “pozik” agertu dira: “Gaur atzo baino jende gehiago bertaratu da azokara, eguraldiagatik edo, baina pozgarria da hori”.
Herritarrek eta merkatariek bat egin dute Lameran. Izan ere, 50 postutan, zer erosi eta zer probatu izan dute kostako herrira bertaratu direnek. Sassari Moda dendakoek esan dutenez, atzoko eguna “lasai” xamarra izan zen, baina gaur jende gehiago bertaratu dela baieztatu dute.
Hala ere, azokaren helburua, saltzea baino gehiago, euren lana zabaltzea dela adierazi du saltzaileak, eta merkatariei zuzendutako ekintzak eskertu ditu: “Azokan gure eskaintza zein den eta zelako produktuak ditugun erakusten ari gara, eta hori da garrantzitsuena. Hala ere, salmenten aldetik, esan dezakegu gaur herritar gehiago animatu direla erostera”.
Zuretzat dendakoek onartu dute azokara gerturatu diren gehienak bermeotarrak izan direla, baina inguruetako herrietako jendea ere etorri dela esan dute: “Atzo jendea ikustera etorri zen, eta gaur erostera etorri da. Gaur hobeto ari gara saltzen. Egia da, etorri diren gehienak bermeotarrak direla, baina kanpokoren baten bat ere ikusi dugu”. Hala, udalak euren produktuak eskaintzeko eskainitako aukera aprobetxatu dute.
Azokan egon da Nadia Nemeh Bermeoko alkatea, eta gaur atzo baino jende gehiago ikusi duela berretsi du: “Eguraldi hobea dago gaur, eta jende asko dabil aurrera eta atzera. Merkatariak pozik daude, asko saltzen ari dira”. Nabarmendu du azoka %100 bermeotarra dela, “eta ez bakarrik merkatariak, baita azoka muntatu duten enpresak eta janaria ematen ari direnak ere”.
Izan ere, azokara bertaratu direnek Bermeoko produktu desberdinak dastatzeko bi gune izan dituzte: gozokiak, garagardoa, parrillan prestatutako jatekoa edota paella dastatzeko aukera izan dute. Horrez gain, gaztetxonek puzgarriekin gozatu dute, baita karate praktikatze ere. Dantza tailerra ere ez da falta izan, eta denetariko abestiekin mugitu dituzte gorputzak txikienek.
Bermeotarrak azoka garrantzitsu bat prestatzeko gai zirela erakutsi gura zuten arduradunek, eta lortu dute. Hala, Gabon aurreko azoka bermeotarra urtero ospatzeko ohitura ezarri gura dute. Hori baino lehen, baina, herriko produktu eta zerbitzuen gida bat egiteko asmoa dute. “Gida hori herrikoetxe guztietara zabaldu gura dugu, herritarrek herriko produktuen eta zerbitzuen katalogo bat izan dezaten”.