Arrolako mugarrian batuko dira nabarniztarrak, arratzuarrak eta mendatarrak
Hiru udalerrietako bizilagunak elkarregaz joango dira lehenengoz Arrolako mugarrira. Herrien muga ezartzen duen harria elkargune bihurtu gura dutela adierazi dute.
Arratzuko, Nabarnizko eta Mendatako mugak ezartzen ditu Arrolako mugarriak. Mendi gainean jarritako harria da hiru udalerrien muga zehazten duena, hiru udalerriak banatzen dituena. Hala ere, leku hori, harri hori, “elkargune” bihurtu gura dute hiru herritako udal ordezkariek, eta bertan batzeko hitzordua jarri dute domekarako [abenduak 10]. Bakoitza bere herritik joango da Arrolara, baina 12:00etan harriaren inguruan bilduko dira bateko eta besteko herritarrak. Aurten, lehenengoz egingo dute ibilaldia, eta urtero-urtero errepikatzeko asmoa dutela iragarri dute.
“Hiru herrien artean elkargune bat sortzea izan da ibilbidea antolatzeko arrazoi nagusia. Goiz pasa bat egin gura dugu elkarren artean, eta lurrak banatzen dituen gune hori elkargune bihurtu gura dugu”, adierazi dute antolatzaileek. Bertan, irakurketa bat egingo du Jose Antonio Maruri Nabarnizko alkateak, baina erantzukizun hori urtez urte txandakatuz joango dira hiru udalerrietako ordezkari nagusiak.
“Pozarren” antolatu dute eguna, eta jai giroa izango dela nagusi adierazi dute. Hala, nabarniztarrek eroango dute jatekoa, Mendatakoek edaria, eta Arratzukoek ogitartekoak prestatzeko materiala.
Hitzorduak.
Eguerdian mugarrian elkartuko diren arren, bakoitzak bere herritik egingo du haraino heltzeko bidea. Nabarniztarrak 11:00etan gelditu dira herriko plazan, baina goiztiarragoak izango dira arratzuarrak eta mendatarrak: 10etan aterako dira herri horietako bizilagunak euren plazetatik. Eguerdian mugarrian elkartuko diren arren, bakoitzak bere herritik egingo du haraino heltzeko bidea. Nabarniztarrak 11:00etan gelditu dira herriko plazan, baina goiztiarragoak izango dira arratzuarrak eta mendatarrak: 10:00etan aterako dira herri horietako bizilagunak euren plazetatik.