Goizale Mendi Taldeak 50. urteurrena ospatzeko bi proiekzio prestatu ditu
Martitzenerako [abenduak 12] eta eguaztenerako [abenduak 13] zita jarri du mendi taldeak Elai Alai aretoan, eta herritarrei bertaratzeko deia egin die.
50 urte bete ditu aurten Goizale Mendi Taldeak, eta urteurrena ospatzeko bi proiekzio prestatu ditu datorren asteko martitzenerako [abenduak 12] eta eguaztenerako [abenduak 13], 19:00etan, Elai Alai aretoan.
Martitzenean, Igone Mariezkurrenak iazko udaberrian Islandiako Westjords eskualdean bizikletaz egindako bidaiari buruzkoez gozatuko dute bertaratzeen direnek. Kazetari, antropologo eta ziklo bidaiariak eskainiko duen hitzaldi eta proiekzio baten bitartez, ipar mendebaldeko fiordoak edota Islandiako txokorik ezezaguna ezagutuko dituzte ikus-entzuleek, arrantzale eta abeltzainek apenas populatzen dituztenak. “Inguru hori benetako altxor natural ezezaguna da eta, beraz, bere ingurune basatia bere horretan mantentzen du”, adierazi du protagonistak.
Auzolangiltza dokumentala izango da eguazteneko protagonista. Iker Iriartek eta Pablo Dendaluzen lan horren helburua da lan komunitarioaren kultura eguneratzea, eta erronka berriei aurre egiteko lankidetza, erantzunkidetasuna, gizartearen inplikazioa eta talde lana sustatzea. Egileek aitortu dutenez, azken urteotan auzolana hitza “modan” jarri da, eta hitza asko erabiltzeak “edukirik gabe” geratzeko arriskua dakar: “Lan komunitarioaren kulturak bere baitan balio sistema bat, munduaren ikuspegi oso bat eta gizartea antolatzeko modu batzuk biltzen ditu, eta, beraz, ez da lankidetza hutsera mugatzen”.
Iraganean ez ezik, etorkizunean ere jarri du jomuga dokumentalak, eta komunitate lana etorkizunerako giltza dela dio: “Gaur egun, modu batera edo bestera, auzolana egiten da gure herrietan. Ekimen honek etorkizuna indartzeko bideak ireki nahi ditu, oraindik bizirik dauden balio, kultura eta ohituretatik abiatuta, eta dokumentalak horretarako tresna baliotsua izan gura du”.