Laguna Txartelagaz kultura bultzatu gura du kultur etxeak berriro
Txartela daukatenentzako edo izan gura dutenentzako txartela berritzeko edo eskuratzeko epea astelehenean [abenduak 11] hasiko da.
Laguna Txartelaren bitartez, kutura bultzatzen jarraitu gura du Gernika-Lumoko kultur etxeak, eta eskuragarri jarri du 2024koa. Txartela daukatenentzako edo izan gura dutenentzako txartela berritzeko edo eskuratzeko epea astelehenean [abenduak 11] hasiko da.
Txartelak udalerrian antolatzen dituzten kultur ikuskizun eta ekitaldietan abantaila ekonomikoak eskaintzen ditu. Txartelaren jabe direnek, %25eko deskontua izango dute Lizeo Antzokian eta Elai Alai aretoan egingo diren ekitaldietan. Horrez gain, txartela eskuratuz gero, urtean eskainiko diren bi ekitalditara doan joan ahalko dira, baita nahi dituzten sei ikus-entzunezko ikustera ere.
Gainera, Sarea izeneko sarean dauden Bizkai, Araba eta Gipuzkoako gainerako antzoki publikoetan sartzeko deskontuak izango dituzte txartelaren jabeek.
Laguna Txartelak 40 euroko kostua du urtean, baina familia abonua dutenentzako urteko kuota murritzagoa izango da, familia bereko hiru kide edo gehiago Lizeo Antzokiaren bazkide eginez gero.
Bonoa erosteko interesa duenak kultur etxeko webgunean (www.kulturagernika-lumo.eus) dagoen txartela aukeratu beharko du, banakako txartela edo familiakoa, eta eskaera orria bete beharko du. Behin izena emanda, ordainketa online egin daiteke, baita transferentzia bidez ere, baina azken metodo hori erabiliz gero, inprimakia aurkeztu beharko da txartela jasotzerakoan.
Hala ere, informazio gehiago nahi izanez gero, kultur etxearekin harremanetan jartzeko adierazi dute, 94 627 02 01 telefonora deituta edota kultur-etxea@gernika-lumo.eus helbide elektronikora idatzita.