Gabonetako Azoka egingo dute Mundakan
Barikuan [abenduak 8] egingo dute, plazan, 10:00etatik 14:00etara. Denetariko jakiak eta produktuak egongo dira.
Gabonak hurreratzen ari dira eta, hori dela eta, estreinakoz, Gabonetako Azoka egingo dute datorren barikuan [abenduak 8], Mundakako plazan, udalak antolatuta. Gastronomia izango da azokaren ardatz nagusia: denetariko produktuz gozatzeko aukera paregabea edukiko dute doako azoka horretara gerturatzen direnek. Euskal Herri osoko ekoizleak egongo dira azokagunea osatuko duten zortzi postuetan. 10:00etan ipiniko dute abian Gabonetako Azoka, eta 14:00ak bitartean zabalik egongo da.
Eskuragarri eta dastatzeko legez egongo diren produktuen artean, denetariko txakolin motak, pateak, gaztak, loreak eta euretatik eratorritako produktu naturalak, edota denetariko eztiak egongo dira. Horrez gain, produktu deshidratatuak saltzen dituen ekoizle bat ere egongo dela aurreratu dute. Besteren artean, Mundakako ekoizleak, Zamudiokoak, Lezamakoak, Antzuolakoak edota Ipar Euskal Herrikoak izango dira ekoizleok. Ez hori bakarrik: bertaratzen direnen tripak betetzeko eta epeltzeko, talo eta txorizo eginberriaz gozatu ahalko da.
Azoka egingo duten lehendabiziko aldia izango da eta, horrenbestez, “urtez urte aurrera egitea eta haztea” espero dutela azaldu dute udal ordezkariek. Era berean, mundakar guztiei nahiz inguruko herritarrei bertaratzeko deialdia luzatu diete.