Arratzuko Piratak HKT Ziortza-Bolibarren ariko da asteburuan
Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeko kideek herri kirol erakustaldian parte hartuko dute, 13:00etan hasita.
Ziortza-Bolibarrek punta-puntako herri kirolak hartuko ditu asteburuan. Datorren domekan [abenduak 10]. Bizkaiko Herri Kirol Federazioak udalaren babesagaz antolatuta, Emakumezkoen Bizkaia Openeko zaku eramate finala jokatuko dute, 13:00etan hasita. Hiru finalista arituko dira zein baino zein gehiago: Nerea Sanz, Esti Meseguer eta Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeko Amaia Mendinueta.
Finalaz gain, bestelako herri kirolez ere doan gozatzeko aukera paregabea edukiko dute bertaratzen diren guztiek. Izan ere, hainbat erakustaldi egingo dituzte, eta bertan ariko dira Arratzuko Piratak HKTko kideak. Trontza saioan, ondorengo bikoteek parte hartuko dute: Mikel Agirre-Andoni Zubiaurre, Oier Arana-Joseba Arrien, Aritz Martin-Xabat Erleaga bikote arratzuarra eta Bingen Erleaga-Oier Ibergallartu. Arratzuko Erleagatarrek, gainera, lasto jasotze saioan errepikatuko dute. Zaku eramate finala lehiatuko duten hiru partaideak, ostera, ingude jasotzean ere ariko dira. Egitaraua borobiltzeko, Arratzuko Piratak HKTko Karmele Gisasolak harri-jasotze erakustaldia egingo du.