Senior landa turismoa sustatzeko hiru proiektu, Silver Economy lehiaketako hurrengo fasera
Lehiaketa horretako bost proiekturik onenak lurralde arteko –Bizkaia, Tarragona eta Valladolid– finalean lehiatuko dira, 5.000 euroko saria eskuratzeko.
Busturialdeko hiru proiektu berritzailek aurrera egin dute Redel Rural Silverrek sustatzen duen Silver Economy lehiaketan. Horiek dira Urdaibai Experience & Travelen Zilarrene proiektua, Novereken Biosfera Silver eta Bikain Studioren ViajoSoloSenior.com proiektua. Ideia berritzaile horiek epaimahaiaren arreta berenganatu dute eta Burgoseko jokatuko den bigarren fasean egongo dira.
Lehiaketa hau Lanbide Ekimenak Zentroak sustatu du, Redel Rural Silverreko hainbat eragilerekin lankidetzan, eta bere helburua da landa inguruneko garapen ekonomikoaren katalizatzaile gisa turismo seniorraren erronkari helduko dioten proiektu ekintzaileei bultzada ematea, eta, aldi berean, turismo eskaria desestazionalizatzen laguntzea.
Jon Lejarraga Gernika-Lumoko Udal zinegotzia “pozik” dago proiektu horiek izan duten balorazioagaz: “Pozik gaude tokiko ekintzaileak senior turismoaren erronkei modu sortzailean erantzuten ari direla ikusteaz. Proiektu horiek gure eskualdearen garapen ekonomikorako aukera bat izateaz gain, eskaintza turistikoa dibertsifikatzen eta desestazionalizatzen laguntzen dute”.
55 eta 77 urte bitartekoek landa inguruneko enpleguaren, ekintzailetzaren, ongizatearen eta garapen iraunkorraren iturri gisa eskaintzen dituzten aukerak sustatu gura ditu Redel Rural Silver ekimenak. Izan ere, landa inguruneko biztanleriaren zahartzearen ondoriozko beharrekin lerrokatuta dago, eta tokiko ekonomia aktibatzea eta egoiliarren bizi kalitatea hobetzea ditu helburu.
Lejarragaren berbetan, landa inguruneko baliabideak aprobetxatzean oinarritzen den eta adinekoen kolektibo gero eta handiagora egokitzen den estrategia batek “ondorio positibo esanguratsuak” sor ditzake enpleguari, ekintzailetzari eta ongizate orokorrari dagokionez.
Lehiaketak bi fase ditu, eta irabazleak 2024ko udaberrian ezagutuko dira; orduan, 5.000 euroko lehen sari bat eta 1.000 euroko hiru sari emango dira. Zehaztu dutenez, pizgarri ekonomiko horiek ekimen irabazleen ezarpena “babestu eta bultzatu” gura dute.
Gernika-Lumoko Udalak Lanbide Ekimenak Zentroarekin eta Redel Rural Silverrekin batera, “ikusminez” espero ditu lehiaketaren azken emaitzak, eta espero du proiektu aitzindari horiek tokiko garapen ekonomikoa ez ezik, urte osoko jarduera turistikoa bultzatzen laguntzea.
Redel Rural Silver.
Redel Rural Silver proiektua Toki Garapenerako Erakundeen Sarea osatzen duten lau lurralde erakunderen elkarlaneko ekimenetik sortu da. Tarragonako aldundiak, Sodeburrek (Burgos), Lanbide Ekimenak-Behargintzak eta Medina del Campoko Udalak eta Mankomunitateak (Valladolid) bultzatu dute landa ingurune horien zahartzearen ondoriozko beharrei erantzuteko, baita Silver Economyk enplegu eta ekintzailetza, eta ongizate eta garapen iturri gisa ingurune horietarako eskainiko dituen aukerak aprobetxatzeko.