Iraultza elkar zainduz egingo da
Jendetza bildu da Greba Feminista Orokorraren Busturialdeko manifestazio nagusian, Gernika-Lumon. Herri akordio nazionaleko eskaerak udalerrira aplikatuta plazaratu zituzte; horien artean, zaintza mahaiarena dago. Bestalde, abenduaren 8an Gernika-Lumok hartuko duen Palestinaren aldeko mobilizazio nazionalerako deialdia ere luzatu dute. Gernika-Lumoko Mugimendu Feministatik "historikotzat" jo dute, eta mobilizazioaren irakurketa positiboa egin.
Bi eskuk elkar bilatu. Bi eskuk elkar oratu. Bi eskuk elkar zaindu. Eskutik eskura, eskualde osotik bertaratutako hainbat herritar elkartu dira gaur [azaroak 30] Gernika-Lumon, Greba Orokor Feministaren Busturialdeko manifestazio nagusian. 18:00etarako, eguerdian gertatu legez, Foruen Plaza jendez lepo egon da. Eskualdeko udalerri txikietan nahiz Bermeon eguneko egitarauak aurrera eroan ondoren, indar guztiak Gernika-Lumon bildu dituzte.
Maila nazionaleko herri akordioan xedaturiko eskakizunak tokian tokikora ekarri dituzte, eta Busturialdeak bere eskaera zehatzak plazaratu ditu gaurkoan. Eskaerok herritar taldeek, eragileek eta, atzoko [azaroak 29] Gernika-Lumoko Udaleko osoko bilkuraren ostean, alderdi politikoek elkarlanean garatu beharko dituzte. Helburua argi askoa da: zaintza sistema duina, berdintsua, publikoa eta komunitarioa bermatzea. Ezer baino lehen, lekuko Mugimendu Feministak palestinar herria gogoan eduki gura izan du, baita haren alde borrokan dabiltzanak ere; abenduaren 8an [barikua] Gernika-Lumon bertan egingo dute Palestinaren aldeko mobilizazio nazionala, eta horretarako deialdia ere egin dute mugimenduko kideek.
Hainbat ardatz esanguratsu dauzka gaur egin duten aldarrikapenak. Batetik, Kaltzada egoitzan ipini dute fokua: bertako beharginen lan baldintzak duintzea eta kalitatea hobetzea “lehen mailako beharrizan” modura kalifikatu dute; Malosteko ospitaleko ohe kopuru murritza mardultzea āzaintza paliatiboak eta gaixotasun kronikodunak barneā eta larrialdizko pediatria zerbitzua ezartzea ere eskatu dute. Galdakao-Usansoloari dagokionez, erditze zerbitzua eduki beharko lukeela argitu dute.
“Etxez etxeko langileak, interes ekonomikodun azpikontratazioak baliatu ordez, Mankomunitatearen bitartez eta zuzenean kudeatuz kontratatu behar ditu udalak”
Erregularizatu gabekoak ere hizpide izan dituzte, herrian erroldatuak izan daitezen eskatuz. Etxez etxeko langileen kasuan, ostera, udalari aholkularitza zerbitzua emateko exijitu diote, “zaintzaileek nahiz euren senideek lehen mailako arreta edukitzeko”. Udalak langile horien kontratazioen ardura beregain har dezan ere agindu dute: “Interes ekonomikodun azpikontratazioak baliatu ordez, Mankomunitatearen bitartez eta udalak zuzenean kudeatuz kontratatu behar dira”. Ingurunea zaintzeak bizitza eta bizidunak zaintzetik “izugarri” duen jakitun, Guggenheim Urdaibai bezalako makroproiektuek sortu ditzaketen triskantzak gogoratu dituzte, herritarren iritzia aintzat hartu barik eta modu merkantilizatuan erabakiak hartzeak “inolako onurarik ez dakarrela” adieraziz.
Gernika-Lumoko udaleko osoko bilkuran zaintza mahaiaren alde bozkatu dute EH Bilduk eta Guztiontzako Herriak; EAJ, ostera, abstenitu egin da
Bidea hastear dago.
Neurririk esanguratsuena, bestalde, zaintza mahaia da. Herritar eragileek M8an proposatu zuten zaintza ardatz izango duen lanketa mahaia sortzea, eta eguenean [azaroak 29] Gernika-Lumoko udaleko osoko bilkuran taularatu zuten eskakizuna. Bai EH Bilduk, bai Guztiontzako Herriak alde bozkatu zuten; EAJ, ostera, abstenitu egin zen. Zalantza barik, zaintza mahaiak, herri mailako lanketaren barruan, esparru esanguratsua izateko osagai guztiak ditu; izan ere, eragile zein herritar taldeez gain, alderdi politikoak ere lanketaren ekuazioan sartuko beharko baitira aurrerantzean.
“Azaroaren 30a mugarri garrantzitsua izan da, sareak ehuntzeko oinarri sendoak sortu dira gaurkoan”
Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra “mugarri garrantzitsua” izan da. Zaintza justuagoaren aldeko bidezidorra, baina, hasi besterik ez da egin. “Sareak ehuntzeko oinarri sendoak sortu dira gaurkoan bai Busturialde, bai Euskal Herri osoan”, azaldu dute. Borroka bide nekezaren soinekoz jantzita egonda ere, 2023ko azaroaren 30ak hainbat harresi bota ditu, eta herri batek zaintza ereduaren eraldaketaren aldarria lau haizetara zabaldu du. Bihar, herriz herriko bidean oinez hasteko aldia hasiko da.