Greba, mugarri; etorkizuna, idaztear
Greba Feminista Orokorra egiten ari dira Euskal Herrian, tartean, Busturialdean. Goizean zehar, hainbat udalerritan egin dituzte mobilizazioak zein ekimenak. 18:00etan, Gernika-Lumok eskualdeko manifestazio nagusia hartuko du, Foruen Plazan hasita.
Hamaika motibo greba orokorra deitzeko. Hamaika motibo deialdia feminista izateko. Busturialdeko herritarrak zaintza duin, publiko eta komunitarioa lau haizetara aldarrikatzen ari dira azaroaren 30ean, . Zaintzaileen zein zainduen bizitzak erdigunera ekarrita, greba deialdiagaz bat egin dute udalerrietako hainbat eta hainbat herritarrek. Manifestaziorik handiena 18:00etan Gernika-Lumon egingo duten arren, parekidetasuna, zaintza sistemaren egiturazko aldaketa eta, funtsean, hezkuntza feminista eskatu dute goizean zehar leku ugaritan.
Eguna piketeekin esnatu da han eta hemen. Tokian tokiko eragileek, sindikatuen eta herritar taldeen laguntzagaz, ibilbideak egin dituzte eskualdeko udalerrietan. Gernika-Lumon, esate baterako, industria eremutik nahiz herrigunetik ibili dira. Bermeon, autoen bozina hotsagaz eta ilaragaz ekin diote grebari. Jarraian, Lamerako Harrizko Bankuan elkarretaratzea egin dute. Kontzentrazio horretan, bertako eragileek eta udalak bat egin dute Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriagaz.
Ean ere herrian zehar pikete informatiboa egin dute eta, 11:30ean, eatarrak Donibane Plazan elkartu dira, herri hamaiketakoa egite aldera. Foruan ere beste horrenbeste egin dute: foruarrak handik hona ibili dira eta beraien aldarriak ozen bota dituzte, batik bat, adineko pertsonen egoitzaren aurrealdean edota herrian kokaturik dagoen eta gaur bere ateak zabaldu dituen Alcampo supermerkatuaren parean.
“Kaltzadako beharginen lan baldintzak duindu gura ditugu, eta bertako kalitate maila hobetu”
Jendetzarik handiena, baina, Gernika-Lumoko Kaltzada egoitzaren aurrean pilatu da, 13:00etan. Egoitza hori, hain zuzen ere, Mugimendu Feministak, herri akordioa oinarri hartuta, udalerri mailara ekarri dituen eskakizunetako bat da. “Kaltzadako beharginen lan baldintzak duindu gura ditugu, eta bertako kalitate maila hobetu”, argitu dute. Manifestazioa egin dute, jarraian, herriko kaleetatik. Tropela handitzen joan da minutuen poderioz eta, azkenean, jende pila bat elkartu da ibilbidean egin duten lehendabiziko geldialdian: Domingo Alegria plazan. Han, Onintza Enbeita Maguregi bertsolari muxikarrak bertso bat bota du, denen hunkidurarako. Handik metro gutxira, San Juan kalean, ganorazko zaintza aldarrikatzen zuen gurpil-aulki bat ipini dute errepidearen erdian, protesta legez; tropelak garrasiz eta aldarriz hartu du antolatzaileen keinua.
Eskaerak, mahai gainean.
Foruen Plazan amaitu da ibilaldia. Gernika-Lumoko Sare Feministak kide bik berba hartu dute, herri mailako eskaerak argituz: “Malosteko ospitalean ohe gehiago ipintzea, baita paliatibo edota gaixo kronikoentzat ere; Galdakao-Usansolokoan, ugentziazko pediatria zerbitzua eta erditze unitatea bermatzea; Guggenheim Urdaibai makroproiektua bertan behera uztea; zaintza langileei edota senideei zuzendutako udal aholkularitza zerbitzua sortzea; eta udalak, Mankomunitatea bide, etxez etxeko beharginen zuzeneko kontratazioa kudeatzea”.
Arratsaldeak ere edukiko du erreibindikaziotik. Busturialdeko deialdi nagusia goizekoa amaitu duten eremu berean izango da: Gernika-Lumoko udaletxearen parean. Eskualdeko herritar guztiak bertara deituak daude. Bien bitartean, Astra kultur faktorian talde bazkaria egiten ari dira herritarrak, eta 17:00etan, ostera, Merkuriora joango dira, bertan “propaganda kedada” izenekoa abiatuko baitute, manifestazio nagusia baino lehen.